Berdintasuneko sailburuak “leialtasun instituzionala” eskatu dio EH Bilduri, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren lan-zirriborro bat filtratu ostean

2020-11-27
  • Artolazabalek agerraldia eskatuko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen I. Plan Estrategikoaren ebaluazioa eta II. Planaren edukiak aurkezteko, horiek prest daudenean

Vitoria-Gasteiz, 2020/11/27

Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, "leialtasun instituzionala" eskatu dio Ander Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideari; izan ere, legebiltzarkide horrek Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari bidali zaion Gizarte Zerbitzuen I. Plan Estrategikoaren ebaluazioaren zirriborro bat erabili du, organo horretan bertan oraindik ere zirriborroa eztabaidatu ez dutenean. Gainera, Artolazabalek adierazi du, ebaluazio-prozesua amaitzen denean, ganberaren aurrean agertzea eskatuko duela, lehen planaren ebaluazioa aurkezteko, “baita Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoaren edukiak aurreratzeko ere”.

Beatriz Artolazabalek nabarmendu duenez, ebaluazio horrek “gure sistema hobetzea du helburu” eta horretarako ebaluazioak “kritikoa izan behar du eta izango da” eta “eraikitzailea izan behar du eta izango da”.

Sailburuak azaldu du Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak —Eusko Jaurlaritzak, hiri aldundiek eta Eudel, Euskadiko Udalen Elkarteak osatzen duten organoak— ebaluazioa itxiko duela “Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluari entzun ostean”, plan estrategikoan aurreikusten den moduan. “Bitartean, gainerako euskal administrazio publikoekin batera eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua osatzen dugun gizarte-eragileekin batera ordezkatzen dudan erakundeak egiten duen lana errespetatuko dut” erantsi du.

Artolazabalen iritziz, EH Bilduko legebiltzarkideak “bidegabe erabiltzen du” barne-zirriborro bat, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren jakitun izanik, 2011 eta 2015 artean Gipuzkoa Gizarte Politiketako foru-diputatu izan baitzen. Ildo horretan, Artolazabalek gogorarazi dio Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren ebaluazioa “prozesu korapilotsua, luzea eta kolaboratiboa dela, ondo dakizun bezala”.

 “Osoko bilkura honetan zure interpelazioak dakarren desleialtasun instituzionala nabarmendu nahi dut, eta horri gehitu beharko zaio aurrez egin duzun prentsaurrekoa” aurpegiratu dio, eta aditzera eman du Rodriguezek “ez duela errespetatu” Jaurlaritza eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren parte diren gainerako erakundeak eta entitateak egiten ari diren “ebaluazio-prozesua”.

 “Erakundeek behar bezala funtziona dezaten, funtsezkoa da norberari dagokion lan-esparrua errespetatzea eta prozedurak ez oztopatzea” eskatu du.

Sistema mistoa

EH Bilduko legebiltzarkideak ‘Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren muturreko pribatizazioa babesteari, bultzatzeari eta zabaltzeari’ buruz egindako interpelazioari erantzunez, Artolazabal sailburuak azaldu du Eusko Legebiltzarrak titulartasun publikoko eta pribatu itunduko prestazioez, zerbitzuez eta ekipamenduez osatutako sistema gisa definitu zuela gizarte-zerbitzuen euskal arkitektura, eta, hartara, “Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema mistoa dela”. Eta, erantsi du “gobernu hau gizarte-zerbitzuen pribatizazioa eta kanporatzea bultzatzetik oso urrun dagoela eta, are gehiago muturreko pribatizaziotik eta kanporatzetik”.

Sailburuak adierazi du egungo Gizarte Zerbitzuen Legeak prestazioen eta zerbitzuen sorta zabala ezartzen duela, eta prestazio eta zerbitzu horiek eskuratzea eskubide subjektibotzat jotzen duela. “Prozesu hori erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuen pribatizazioaren eta kanporatzearen aurkakoa da”.

 “Gure herriak gaur egun duen ongizate-maila eta giza garapen jasangarria lortu badu, izan da dialektikaren eta konfrontazio publiko-pribatuaren ordez, lankidetza publiko-pribatu-soziala erabili dugulako, guztion onura helburutzat hartuta eta auzolana lanabestzat hartuta”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak