Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

4.000.000 € baino gehiago Merkataritzako Renove Planerako (2011-06-14(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko ekainak 14

Eusko Jaurlaritzak eutsi egin nahi dio Euskadiko saltokiak modernizatzeko abian jarritako ekimenari, eta horren adierazgarri dugu Jaurlaritzaren Kontseiluak 4.153.693,96 euroko diru-laguntzak ematea onartu duela Euskadiko saltokiak modernizatzeko plana aurrera eramateko.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak iaz jarri zuen abian renove plana, eta, horri jarraiki, saltokiei itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak ematen zaizkie; zehazkiago, % 15eko diru-laguntzak altzarietan, obra zibilean, askotariko ekipamenduetan, errotuluetan eta abarrean egindako inbertsioetarako, eta % 20ko diru-laguntzak ekipo informatikoetan, aplikazioetan edo osagarrietan egindako inbertsioetarako, hurrenez hurren. Laguntza handiagoa ere izan daiteke enpresak elkarteren bateko kide baldin badira edo kalitate-ziurtagiriren bat lortu baldin badute.

Merkataritza-jarduera duten ETEak izango dira laguntzen hartzaileak, eta merkataritza-jardueratzat hartuko da xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, bere horretan, funtsezko eraldaketarik gabe, merkatuaren esku jartzea, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek, eurek zuzenean, kontsumorako ondasunak saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira.

Diru-laguntza jasotzeko aukera izateko, inbertsioek 600 eurotik gorakoak izan behar dute ekipamendu informatikoei dagokienez, eta 2.000,00 eurotik gorakoak gainerako kasuetan.

Laguntzak aurkezteko, 2011ko ekainaren 30etik irailaren 16ra bitarteko epea izango da.

Plan hori joan den urtean jarri zen abian; izan ere, 2015erako Merkataritzaren Egokitze Plana onartzean, Euskadiko saltokiak, batez beste, zazpi urtean behin eraberritzen direla egiaztatu zen. Eta epe hori luzeegia da. Horregatik, batez besteko epe hori murrizteko eraberritze-prozesuei ekiteko laguntzak emateari lehentasuna eman dio Eusko Jaurlaritzak. Joan den urtean 1.800 saltokik jaso zituzten diru-laguntzak, eta, horren eraginez, 40.000.000 € inbertitu ziren, inbertsioen ia % 90 merkataritza-lokala berritzeko erabili zelarik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan