Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak 42 plaza sortu ditu egoitza judizialen zerbitzua hobetzeko eta aldi baterako enplegua murrizteko
- Plazetako bederatzi sortu egingo dira, eta 33k orain arte aldi baterakoak izan diren plazak finkatuko dituzte
- Sailak bi epaitegi berri sortu eta abian jartzea aurreikusten du Bilbon
Vitoria-Gasteiz, 2020/11/29
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak bere funtzionarioen egituran 42 plaza berri sartuko ditu bertako langileentzat, hiru lurraldeetako egoitza judizialetan herritarrei eskaintzen dien zerbitzu publikoa hobetzeko. Plaza horietako bederatzi sortu egingo dira, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duen bezala. Halaber, legealdi honetan epaitegi berriak sortu eta abian jartzea aurreikusten da; zehazki Bilboko barruti judizialean, lan-arloko epaitegi berria eta lehen instantziako beste bat sortuko dira.
Gobernuak beste zortzi plaza gehiago sortuko ditu, Bilboko Lehen Auzialdiko 16. zenbakiko Auzitegia izango denak plantilla organikoa izan dezan. Hiru postu Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoari dagozkio; lau, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoari, eta bat, Laguntza Judizialeko Kidegoari. Gainera, lehentasunez Arabako Probintzia Auzitegiko lehendakaritzako idazkari-lanak egiteko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko izendapen askeko postu bat sortuko da.
Astearte honetan, abenduaren 1ean, Gobernu Kontseilura igorriko den neurriaren bidez, justizia-administrazioan denborazkotasuna murriztu nahi da.
Aldi baterako kontratuak dituzten langileak finkatzeko hamar postu Laguntza Judizialeko Kidegoari egokituko zaizkio: lau, Vitoria-Gasteizko bulego judizialean (Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra); hiru, Bilbon (Epaitegi Dekanoa-Gobernu Bulegoa eta gainerako Zerbitzu Erkideak); bi, Donostia-San Sebastiánen (Gipuzkoako Probintziako Bulego Fiskala eta Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra), eta, azkenik, bat, Barakaldon (Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra).
Era berean, Sailaren egituran sartuko dira Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko 16 plaza. Zehazki, bost Vitoria-Gasteizen (ZULUP Zibila) egongo dira; bi, Donostia-San Sebastiánen (ZULUP Zibila eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala); bi, Azpeitian (ZULUP Organo unipertsonal mistoak); hiru, Bilbon (14. zenbakiko 1. Auzialdiko Epaitegia, 6. zenbakiko Zigor Arloko Auzitegia eta 7. zenbakiko Zigor Arloko Auzitegia – betearazpen-prozedurakoak); bi, Barakaldon (ZULUP Penala); bat, Durangon (ZULUP Organo unipertsonal mistoak) eta beste bat, Getxon (ZULUP Organo unipertsonal mistoak).
Beste lau postu Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoari dagozkio. Horietako bi, Vitoria-Gasteizko organo judizialerako (ZULUP Zibila); bat, Barakaldorako (ZULUP Zibila), eta beste bat, Getxorako (ZULUP Organo unipertsonal mistoak).
Azkenik, finkatuko diren beste hiru plaza Mediku Forentseen Kidegoari dagozkio. Bat, Vitoria-Gasteizen (Arabako Zuzendarioretza); beste bat, Donostia-San Sebastiánen (Gipuzkoako Zuzendarioretza) eta beste bat, Bilbon (Bizkaiko Zuzendarioretza).