Europako beste herrialde batzuetara bidean doazen iragaitzazko 333 migratzaile hartu dituzte, azken asteotan, irungo aterpetxean

2020-11-27
  • 2018tik beste herrialde batzuetara bidean doazen migratzaileei zuzendutako errekurtsoek 21.271 pertsona artatu dituzte, ia 10.000 soilik Irunen
  • “Kezkatuta gaude kalteberatasun-egoeran dauden migratzaileen erabilerarekin”

Vitoria-Gasteiz, 2020/11/27

Europako beste herrialde batzuetara bidean doazen iragaitzazko 333 migratzaile hartu dituzte, guztira, azken asteotan, Irunen horretarako gaitutako aterpetxean, Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez. Gailu hori, azaldu duenez, “ez zaie asilo-eskatzaileei zuzentzen, ez eta nazioarteko babesa eskatzeko izapideak egiten hasi direnei ere. Ez eta Euskadin urteak bizitzen daramatzaten pertsonei ere”, baina horrek ez du esan nahi Euskadin beste baliabiderik ez dutenik eskuragarri, beren ezaugarrien arabera.

Hala erantzun dio David Soto Elkarrekin Podemos legebiltzarkideak egin dion galderari; galdera Irungo Harrera Sareak eginiko jarduketari buruzkoa izan da, izan ere, sareak, pasa den astean, migratzaile batzuk Euskadiko Gurutze Gorriak kudeatzen duen aterpetxetik kanpora geratu zirela iragarri zuen. Migratzaile horiek “ezin ziren iragaitzazko migratzaileentzako baliabideetan artatu”. Guztira, sei migratzaile izan ziren baliabide hartan onartu ez zirenak, guztiak gizon gazteak; ez ziren onartu ez zituztelako eskakizunak betetzen, baina “Gipuzkoako lurraldean arretarako beste aukera batzuen berri eman zitzaien”. Sailburuak nabarmendu duenez, “Irungo aterpetxean hartzeko eskakizunak –gure sailak hartu zituen bere gain hura gaitzeko kostuak– malgutu egin dira, eta arreta berezia eskaintzen zaie kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei”.

“Badakigu asiloa eskatu zuten pertsonak zirela, penintsulan zenbait urte zeramatzatenak edo Dublingo Nazioarteko Tratatuaren arabera itzuli zirenak”, esan du, eta, nabarmendu duenez, “pertsona bakoitzaren egoeretara eta beren tipologietara egokitzen den arreta integrala emateaz arduratuko gara aurrerantzean ere, nahasarazi gabe eta, kasu bakoitzean, baliabide egokietara zuzenduko ditugu”.

“Kezkatuta gaude kalteberatasun-egoeran dauden migratzaileen erabilerarekin”, esan du Artolazabalek.  “Irungo plataformak bere performanceak egiteak kezkatzen gaitu, betiere komunikabideetan gehiago pentsatuz migratzaileei eurei laguntzean baino”.

2018ko ekainetik, beste herrialde batzuetara bidean doazen migratzaileei zuzendutako errekurtsoek 21.271 pertsona artatu dituzte, ia 10.000 soilik Irunen.

Berdintasuneko sailburuak Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideari honako hau gogorarazi dio: “mugei, atzerritartasunari eta immigrazioari buruzko erantzukizunak Espainiako Gobernuaren eskumen esklusiboak dira”, non bere alderdiak parte hartzen baitu. Modu berean, “euskal erakundeok modu solidarioan iragaitzazko migratzaileei laguntzeko geure gain hartzen dugun eginkizun osagarria” nabarmendu du.

“Motibo humanitarioak dira migratzaileen arretan inplikarazten digutenak, dela Euskadin, dela Mediterraneoan, dela Kanarietan. Eusko Jaurlaritzaren inplikazio horrek euskal gizarte gehienaren elkartasun-asmoa erakusten du", esan du. “Euskadiren inplikazio hori dela eta, Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundea bultzatzen dugu, ‘Aita Mari’ ontziaren bidez; orain Mediterraneora abiatzear dago ontzia, azken gobernu-baimenak emateko zain. Euskadiren inplikazio hori dela eta, Berrizko, Tolosako eta Oñatiko baliabideak eskaintzen ditugu, gaur egun Kanarietako hirurogei migratzaile hartzeko. Eskaintza horri eusten diogu, koalizioko Espainiako Gobernuak onartuko duelako konfiantzarekin”.

Artolazabalen iritziz, migrazioa ez da ustekabeko fenomeno bat, baizik eta egiturazkoa eta globala”, eta “errealitate horren aurrean erantzun egokia eskaintzea betebeharra da, dimentsio humanitarioak, arauzkoak eta etika demokratikokoak dituena". “Migrazio-fluxuak eta haien kultura-aniztasuna integratzen jakin behar dugu eta, aldi berean, Europako ongizate-ereduari eusteko immigrazioa behar dugula jakin behar dugu”, esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak