Eusko Jaurlaritzak 2020ko René Cassin saria Carlos Martin Beristaini eman dio

2020-12-04
  • Lehendakariak saria datorren ostegunean banatuko du, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean
  • ‘Gaur, inoiz baino gehiago, kutsatu elkartasuna! Zure eskubideak, guztionak’ da Eusko Jaurlaritzaren lema egun horretarako

Bilbo, 2020/12/04

Carlos Martin Beristainek jasoko du, aurten, René Cassin saria, Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak gaur prentsaurrekoan iragarri duenez. Bilboko mediku eta psikologiako doktoreak jasoko du saria, “hamarkadetan zehar eta munduko hainbat lekutan giza eskubideen sustapenean eta defentsan lagundu duelako”. Artolazabalek saritua honela definitu du: “euskaldun unibertsala eta giza eskubideen defendatzaile amorratua”.

“Erabat egokitzen da sariaren printzipioetara egiten duen lana; alegia, erabat hautsita dauden eta gatazka bortitz larriek astindu dituzten gizarteetako biktimen memoria berreskuratzeko eta haiei laguntzeko lana, bai eta irakaskuntzako, ikerketako eta giza eskubideen urraketa larrien prebentziorako lana ere”, esan du epaimahaiak. Epaimahaiak Martin Beristain aho batez izendatu du saritu.

Martin Beristainek saria jaso du, “Euskadin, Saharan edo Latinoamerikan -besteak beste Guatemalan edo Kolonbian- giza eskubide guztiak defendatzeagatik”, nabarmendu du Artolazabalek, eta, esan duenez, “posible da zure herrian profeta izatea”.

Saria urtero ematen du Eusko Jaurlaritzak, eta Iñigo Urkullu Lehendakariak emango du, ostegunean, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean; ekitaldia Lehendakaritzan izango da. Martin Beristainen hautagaitza Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak proposatu du.

José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearekin eta Monika Hernando Biktimen, Giza Eskubideen eta Aniztasunaren zuzendariarekin batera, Artolazabal sailburuak nabarmendu du 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala “ez dela eskubideen zerrenda edo katalogo hutsa”. “Pertsona ororen duintasunaren oinarrien, errespetuaren, babesaren eta giza eskubideen bermearen araberako ibilbide-orria da, pertsona ororentzako eskubide guztiena”.

Hori horrela, sailburuak nabarmendu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren programak “helburu argia” duela: “euskal gizarte adiskidetua eta baketsua. Aurrean giza eskubideekiko errespetuaren, defentsaren eta sustapenaren printzipioa duen euskal gizartea”. “Giza eskubideak eta eskubide horien subjektu diren pertsonen duintasuna, beraz, helburu dugun Euskadiren oinarri dira”, esan du.

Carlos Martin Beristain

René Cassin saritu berriak, Carlos Martin Beristainek, “esperientzia handia du munduan biktimen arreta psikosozialean; aholkulari izan da hainbat herrialdetan zenbait egiaren batzordetan, eta Guatemalako Memoria Historikoa Berreskuratzeko txostena koordinatu zuen”, Hernandok azaldu duenez.

Saritua, gaur egun, Egiaren Batzordeko kide da Kolonbian, bai eta Ayotzinapako (Mexiko) 43 normalista desagertuen kasurako Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarreko Aditu Independenteen Diziplinarteko Taldekoa ere.

Martin Beristainek esperientzia handia du mundu erdian gatazken bitartekaritza-lanetan. Hori dela eta, epaimahaiak honako hau nabarmendu du: “egiaren batzordeetan eta memoria-proiektuetan izan duen parte-hartzea, nazioarteko auzibide judizialetan egindako ikuskatzeak eta munduko hainbat lekutan indarkeriaren biktimekin egin duen lana”.

Euskadin, Glencree esperientziaren bideratzailea izan zen, hainbat eragileren biktimen arteko topaketakoa, eta 1960aren eta 1978aren artean giza eskubideen idarkerien biktimen balorazio-batzordeko kidea, Eusko Legebiltzarrean.

René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, gure gizartean giza eskubideen balioak sustatzen nabarmen laguntzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lana jendaurrean aintzatesteko. Sariaren izena René Cassin da. René Cassin Baionan jaio zen, 1887an, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren eragile nagusitzat jotzen da; Bakearen Nobel Sariaren merezidun izan zen 1968an.

Kanpaina

‘Gaur, inoiz baino gehiago, kutsatu elkartasuna! Zure eskubideak, guztionak’ da Eusko Jaurlaritzak datorren abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko aukeratu duen lema, José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak gaur aurkeztu duen bezala.

“Guztiok gara Euskadi eta mundu humanoagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa izateko gizarte-eraldaketaren eragile. Elkartasuna da COVID-19aren aurkako txertorik onena”, esan su sailburuordeak. “Giza eskubideek ageriko dimentsio indibiduala dute, baina, batik bat, dimentsio kolektiboa eta komunitarioa. Kontua ez da nire eskubide indibidualak errespetatzea, babestea eta bermatzea. Kontua, batik bat, guztion eskubideak errespetatzea, babestea eta bermatzea da".

Kanpainak, gainera, Nazio Batuen ‘Defendatu giza eskubideak’ eslogana eta #standup4humanrights traola partekatzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak