Berriak Lehendakaritza
Eu

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak, Consumer Aldizkariak eta Pedro Fernándezek lortu dituzte ONCE Euskadi Solidarioak Sariak

2011.eko ekainak 15

Sariek pertsona itsuak eta ikusmen urrikoak zein beste gaitasun bat gutxituta dutenak laneratzeko egindako ahalegina balioesten dute

Urtero bezala, ONCE Euskadik pertsona itsu eta ikusmen urrikoen zein beste gaitasun bat gutxituta dutenen laneratzearen alde lan egin dutenei eman dizkie sariak hiru kategoriatan.

Patxi López  lehendakariak sarien banaketa-ekitaldia zuzendu du. Ekitaldi horretan ziurtatu du ezgaitasunak dauzkaten pertsonen arreta ezin dela izan sail edo instituzio bakar baten zeregina, hau da, beharrezkoa da “gizarte osoak errealitate hori ulertzea, eta kausa hau bere egitea, guztiok elkarrekin lan egin dezagun gaur egun dauden oztopoak desagerrarazten laguntzeko” eta, horrela, “herritarren artean berdintasun osoa" erdiesteko.

VII. ONCE Euskadi Solidarioak Sarien banaketa-ekitaldia Patxi López lehendakariak eta Miguel Carballeda ONCEren eta haren Fundazioaren presidenteak zuzendu dute, eta Bilboko EITBren Multibox Aretoan egin da.

Patxi Lópezek sarituen zein ONCE Fundazioaren lana aintzatetsi eta nabarmendu nahi izan du. Horrez gain, ezgaitasunak dauzkaten pertsonen arreta ez dela “asmo oneko kausa bat, ez dela politikoki zuzena den zerbait” aditzera eman du. Lehendakariak azpimarratu du arreta hori “gure Ongizate Estatuaren funtsezko oinarri bat dela eta oinarrizko kontua dela benetan berdintasunezkoa den eta diskriminaziorik ez duen gizarte baterantz aurrera egiteko”.

Sarituak
GKE, enpresa edo erakunde kategoriako sariak gaitasunen bat gutxituta duen pertsonen aldeko lanean nabarmentzea eta aurreko urtean sentsibilitatea edo ibilbide eta dedikazio luzea erakutsi izana balioesten du, eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak eskuratu du “aisialdiaren esparruan gaitasunak gutxitutako ikus-entzuleak integratzeko azaldu duen sentsibilitateagatik eta pertsonen garapena eta ongizatea lortzeko ekimen bat delako”.

Komunikazioaren arloko Lanaren kategoriako Saria itsutasuna, ikusmen urria, beste edozein gaitasun gutxituta duen edo baztertuta dagoen edozein pertsona-talderentzat interesgarriak izan daitezkeen eta garrantzi berezia duten gaietan modu berezian lan egiteagatik nabarmendu diren saio, artikulu edo komunikazio-programetara dago zuzenduta, eta Consumer Aldizkariak lortu du “desgaitasunaren esparruarekin lotuta behin eta berriz egin duten dibulgazio-lanagatik. Gai sozialen bozgorailua izateaz gain, ikusgai egiten dituelako. Komunikabideetarako albiste-iturri gisa erreferente bilakatu delako eta aukera-berdintasunaren alde egin duen lanagatik”.

Pertsona fisikoen kategoriako sariak itsutasuna edo ikusmen urria duen, beste edozein gaitasun gutxituta duen edo baztertuta dagoen edozein pertsonaren alde lan egitea eta laguntzea eta ekintza jakin batzuetan aritzea edo luzaroan horretan jardutea aintzatesten du, eta horrez gain, bidegabekeria argia egon den kasuak salatzeagatik nabarmendu den Autonomia Erkidegoko edozein pertsonari zuzenduta dago. Aurten Pedro Fernándezek irabazi du (hilondoko saria). Urritasun Intelektuala duten pertsonen aldeko Elkarteen euskal Federazioko zuzendari ohia da eta “gaitasunak gutxituta dauzkaten pertsonen eskubideen alde egin zuen lanagatik ez ezik, profesionaltasun-eredua izan zelako eta akordioetan eta kritika konstruktiboetan oinarrituz denontzako erreferentzia izaten saiatu zelako” saritu dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)