1,8 milioi euro, unibertsitate ikasleen nazioarteko mugikortasun programatarako (Gobernu Bilera 2020-11-24)
- 2019-2020 ikasturtean 2.144 ikaslek jaso zuten Euskadin nazioarte mailako mugikortasuneko dirulaguntza
Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez gaurko bileran onartu du 2020-2021 ikasturtean unibertsitate ikasleen nazioarteko mugikortasun programak izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateentzako eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egiten duen agindua. Dirulaguntza deialdi honek 1.850.000 euroko zenbatekoa du.
Europako Batasunak Erasmus+ programako mugikortasunetarako egiten dituen diru-ekarpenenekin ez da kostuen %100 finantzatzen; beraz, finantzaketa zabaltzea beharrezko gertatzen da deialdi honen bidez. Era berean, unibertsitate-mugikortasunen parte bat Erasmus+ programan sartuta ez dauden destinoetara egiten da; horrela bada, horiek ez dituzte Europako erakundeen laguntzak jasotzen, eta, beraz, beste mugikortasun-programa horietan parte hertzen duten pertsonak finantzatu beharra ere agerian geratzen da.
Nazioarteko mugikortasunak goi-mailako ikasleen formaziorako duen garrantziaz ohartuta, Hezkuntza Sailak aipatutako marko hori zabaltzen du, deialdi honen bidez. Erasmus+ programara eta nazioarteko izaera duten bestelako mugikortasun-programetara atxikitako pertsonen mugikortasunen finantzazioa hobetzea da azken helburua.
Deialdi honek jasotzen duen diru-kopuru osoa (1.850.000€), beraz, era honetan banatua gelditzen da:
- 610.500 euro, SEPIE estatu erakundeak (Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzua) emandako laguntzak osatzeko
- 1.239.500 euro, estatuko erakunde horren laguntzarik gabe egiten diren egonaldietarako
Dirulaguntza horiek eskatuko dituzten erakundeak, ikasturte honetarako nazioarteko mugikortasun-programak dituzten unibertsitateak edo goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeak izango dira; dirulaguntzen azken onuradunak, berriz, mugikortasun-programa horietan parte hartzen duten ikasleak – EAEko udalerriren batean administrazio-egoitza dutenak –. Ikasle horiek graduko unibertsitate-titulu ofiziala edo unibertsitate-masterra lortzeko ikasketak egiten, zein goi-mailako arte edo kirol irakaskuntzak burutzen egon beharko dute 2020-2021 ikasturtean.
COVIDak atzerriko egonaldietan eragina izan dezakeenez, ikasturte honetarako Aginduan jaso da COVID-19k egonaldietan eragindako aldaketak ez direla hartuko ez-betetzetzat.
Joan den 2019-2020 ikasturtean 2.144 ikaslek jaso zuten nazioarte mailako mugikortasuneko dirulaguntza Euskadin, deialdi honen bidez.