Eusko Jaurlaritzak Gazteriaren Lege-proiektua onetsi du (Gobernu Bilera 2020-11-24)

2020-11-24

Gobernu Kontseiluak, gaur, gazteriaren euskal legearen proiektua onetsi du; haren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan gazteria-politikak garatzeko araudi- eta eskumen-esparrua ezartzea.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak “une historiko” hori baloratu du; izan ere, EAEk ez du gazteria-legerik. “Gazteriaren euskal legeak modu egonkorrean eta bermatzailean erakutsiko ditu Eusko Jaurlaritzako sailak, hiru foru-aldundiak eta EUDEL eta gazte-erakundeak eta gazteak eurak ekintza positiboko zein neurritan dauden inplikatuta”, esan du.

2008ko irailean, lehendabizi, eta 2011ko urrian, ondoren, Gobernu Kontseiluak bi lege-proiektu onetsi zituen, baina horiek ez zuten gainditu Legebiltzarreko hurrengo izapidea. Aurtengo otsailean, lege-proiektua onetsi zen, baina legegintzaldiaren amaierak hura izapidetzea eragotzi zuen. Orain, Artolazabalek “hura onetsi ahal izateko adostasun azkarra lortzera” gonbidatu ditu alderdi politikoak.

“Gobernu honentzat, gazteria gure kapital sozial onena da, eta konpromisoa hartu dugu baterako politika koordinatua sustatzeko, euskal gazteriari zeharkako ekintza eskainiko diona, haien emantzipazioari eta familia-proiektua garatzeari bide emango diona”, esan du Artolazabalek. Zehazki, lege honen helburuetako bat da gazte-ikuspegia euskal politika publikoetan sartzea.

Gazteriaren euskal legearen proiektuaren eduki nagusiak honela laburtu daitezke: euskal administrazio publikoek gazteriaren arloan dituzten eskumen eta eskuduntzak arautzea; administrazio publikoan gazte-emantzipazioa eta gazte-ikuspegia sustatzea; gazteriaren zeharkako politikak koordinatu, planifikatu eta ebaluatzea; gazte-izaera sustatzea gazteen programa, jarduera, zerbitzu eta ekipamendu berezien bidez, eta gazte-partaidetza sustatzea, bai eta zehapen-araubidea ere.

“Tresna horrek sendotuko du, gehien, euskal agente politikoek gazteriaren politika integralekin duten konpromisoa”, esan du Berdintasuneko sailburuak. “Legeak egonkortasuna emango dio denborak baliozkotutako eta erakundeek sustatutako lan-moduari”. Arauak finkatu egingo du urteetan gazterian eragin zuzena duten politika sektorialen koordinazioan eginiko lana.

12 eta 30 urte bitartean

Lege-proiektu horrek «gazte» izendatzen du 12 eta 30 urte bitarteko pertsona oro. Artolazabalek esan bezala, hala egiten du, “gazteekiko esku-hartzeak gero eta adin goiztiarragoetan gertatzen ari direlako”.

Hala ere, Gazteria Politika gauzatzeko garrantzitsuena da helburu den publikoa gazteriaren euskal legea egituratzen den eremu handien arabera segmentatu ahal izatea. Hala, gazte-sustapenaren eremuan, gaztetzat jotzen da 12 eta 30 urte bitarteko pertsona oro, biak barne; horrek esan nahi du nerabezarotik etengabeko arreta jartzen dela, oro har aplikatzen den bezala, batik bat euskal udalerrietan.

Gazte-emantzipazioaren politikak direla eta, berriz, gaztetzat jotzen dira 18 eta 30 urte bitarteko pertsonak, biak barne; hala ere, zenbait programak eta jarduketak beste adin-muga batzuk aurreikusten dituzte, haien izaera eta helburuak aintzat hartuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko