Eusko Jaurlaritzak 28’75 milioi euro inbertitzen ditu indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta ematen

2020-11-23
  • 2019an, sei sailek eta Emakunde - Emakumearen Euskal Erakunde organismo autonomoak jardun zuten
  • Gobernuaren helburua da legegintzaldi honetan aurrekontua % 30 areagotzea

Vitoria-Gasteiz, 2020/11/23

Eusko Jaurlaritzak 28.758.664 euroan kuantifikatu du 2019an esku hartzen duten sailetatik genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko gauzatutako zenbatekoa. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak emakume horiei, 2019an, azken datuen arabera, honako sei sail hauen eta Emakunde - Emakumearen Euskal Erakunde organismo autonomoaren bidez eman zien arreta: Segurtasuna, Enplegua eta Gizarte Politikak, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza, Osasuna, Lana eta Justizia eta Hezkuntza.

Pasa den larunbatean, Iñigo Urkullu Lehendakariak, SATEVIra (indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko telefonoa, 900 840 111) eginiko bisitan, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan emakume biktimei prebentzioa eta arreta emateko baliabideak areagotzeko duen “konpromisoa” berretsi zuen. Hala azaldu zuen, halaber, Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak pasa den urriaren 26an bere saila Eusko Legebiltzarraren aurrean aurkeztu zuenean. Agerraldi hartan, Artolazabalek % 30eko aurrekontu-igoera iragarri zuen, legegintzaldi honetarako Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren biktimentzako prebentziora eta arretara bideratzen dituen baliabideetarako.

Gaur egun, Emakundek emakumeen aurkako indarkeriari ematen dion erantzuna eta prebentzio-programen kudeaketa koordinatzen ditu, eta Segurtasunetik babesa eskaintzen zaie. Gizarte-zerbitzuen arloak SATEVI (biktima diren emakumeei informazioa eta telefono bidezko arreta emateko zerbitzua, 900 840 111) eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako ordainketa bakarreko prestazio ekonomikoa kudeatzen ditu. Justiziak, bestalde, Biktimentzako Arreta Zerbitzua (BAZ) eta Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Zentro Koordinatzailea ditu, eta doako laguntza juridikoa eta letratuen prestakuntza eskaintzen ditu, GAKOA tratu txarren emaileak berrezteko programa du eta balorazio forentse integraleko unitateak ditu, bai eta emakumeari buruzko indarkeriaren auzitegiak ere.

Lanbidek eta enplegu-arloak baliabideak bideratzen dituzte, diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta gizarte- eta lan-bitartekaritzako programaren bidez. Etxebizitzak beste baremazio bat egiten du alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenetan eta alokairuko etxebizitzen zuzeneko esleipenean kasu larri eta salbuespeneko kasuetarako. Osasun Sailak lehen mailako arreta, arreta espezializatua, ospitale-arretak eta ospitale-larrialdiak eskaintzen ditu. Eta Hezkuntza Sailak matrikulen ordainketa-salbuespena, hezkuntzako bekak eta espedienteen lekualdaketa sustatzen ditu. Gainera, hezkuntza-sisteman baterako hezkuntzarako eta genero-indarkeria prebenitzeko Plan Gidaria garatzen da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak