Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak bat egin du Euskaraldiarekin

2020-11-19
  • Sailean, 145 langilek eman dute izena parte hartzeko, eta 14 Arigune antolatu dira
  • Arantxa Tapia sailburua buru zela argazkia atera dute, gaur goizean, konpromisoa azaltzeko

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingumeneko Sailak bat egiten du Euskaraldiaren helburuekin, eta hori adierazteko, gaur goizean, Arantxa Tapia sailburuak eta langile talde batek, -izena eman duten lagun guztien ordezkari gisa-, topaketa egin dute Lakuan.

Guztira, 145 langilek eman dute izena lantokian, eta 14 Arigune sortu dira (horietan 47 langilek parte hartuko dute).

Bihar, azaroaren 20an, hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa soziala da, eta Euskal Herri osoan aldi berean egingo da.

Duela bi urte bezala, aurten ere ahobizi eta belarriprest rolak betetzeko izena eman duten herritarrak izango dira protagonistak. Horien artean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia ahobizi izango baita hurrengo asteetan.

Bigarren Euskaraldi honetan, ariguneak ere izango dira, euskaraz lasai aritzeko guneak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak