Berriak Segurtasuna

Arrasate, atxilotua taberna batean lapurreta egiten ahalegintzeagatik

2020-11-19

Ertzaintzako agenteek 21 urteko gizonezko bat atxilotu dute goizaldean Arrasaten, indarra erabiliz lapurreta egitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta. Susmagarria, ustez, Arrasateko Zerkaosteta kaleko taberna batean lapurreta egiten saiatu da beste bi pertsonarekin batera, baina ez du lokalean sartzea lortu. Azkenean, erakusleihoetako bat hautsi du zuku-botila batzuk lapurtzeko, eta une horretan harrapatu du Ertzaintzaren patruila batek.
Bart gaueko hamabiak aldera, Ertzaintzari jakitera eman diote hiru pertsona Arrasateko Zerkaosteta kaleko taberna batean lapurreta egin nahian ari zirela.
Ertzaintzaren hainbat patruila berehala hurbildu dira esandako lekura, eta lehenengo patruila iritsi denean, agenteek ikusi dute pertsona bat zuku-botilak zituen kaxa bat lokaleko erakusleihoan egindako zulo batetik atera nahian ari zela. Gelditzeko agindu diotenean, gizonezkoak botila bat bota die agenteei, baina ez du inor jo.
Agenteek mendean hartu dute gaztea, eta honek ertzainei aurre egiten jarraitu du eta agenteetako bat botila batekin jo du eskumuturrean, aska zezan, eta, ondoren, aurpegian ematen saiatu da baina ez du lortu. Horren aurrean, ustezko lapurra ibilgetu egin behar izan dute.
Horren guztiaren ondoren, ertzainek indarra erabiliz lapurreta egitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta atxilotu dute, eta gero polizia-egoitzara eraman dute.
Bestalde, lekua miatu dutenean, agenteek egiaztatu dute ustezko lapurrek ez dutela tabernan sartzea lortu eta, dirudienez, horregatik erabaki dutela kristala haustea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko