Euskararen Adierazle Sistemaren webgunea berritu da herritarrek bertako datuak modurik errazenean eskuratzeko helburuarekin

2020-11-19
  • Euskararen errealitatea ahalik eta zehatzen ezagutzeko helburuarekin gaur egun 44 adierazleren datuak daude jasota aplikazioan 

Euskararen Adierazle Sistemak (EAS) webgunea eraberritu du. Orain arte EASen informazio guztia atari bakarrean egon da bilduta, eta bertan kontsultatu zitezkeen euskararen inguruko adierazleak, bai eta serie-historikoen datuak ere. Gaurtik aurrera erabiltzaileek, horrez gain, bestelako edukiak ere izango dituzte eskura webgune berrian: hala nola, bideo-tutorialak, adierazleetatik jasotako datu interesgarrienak biltzen dituzten dokumentuak,  EASen eta euskararen inguruko ikerketa esanguratsuenak… Datu horiek modurik errazenean eskuratzeko helburuarekin diseinatu da webgune berria. Asmo horrekin, hain zuzen ere, sortu da ikus-entzunezko gida; erabiltzaileek pausu gutxitan ikas dezakete erabiltzen EAS erraminta. 

Euskararen egoera arlo ezberdinetan ezagutzeko hainbat tresna eta ikerketa daude gurean: Inkesta Soziolinguistikoa, Mapa Soziolinguistikoa, Arrue Txostena, Zentsua, Hizkuntzen erabileraren kale neurketa… Hain zuzen ere, iturri hauetatik hartutako daturik esanguratsuenetatik abiatuta osatu dira EASen bildutako adierazleak. Horiei esker zehatz-mehatz ezagutu dezakegu euskarak une jakin batean zer zabalkunde duen gizartearen esparru desberdinetan eta zer bilakaera ari den izaten denboran zehar. Adierazle horietan jasotzen dira, esaterako, ondorengo datuak: euskararen gaitasunarenak, etxean zein kalean erabiltzen den hizkuntzarenak, helduen euskalduntzeari lotutakoa, kulturakoak, arlo sozioekonomikoari lotutakoak...

EASen sorrera

Euskararen errealitatea ahalik eta zehatzen ezagutzeko helburuarekin jaio zen Euskararen Adierazle Sistema. Gaur egun 44 adierazleren datuak daude jasota aplikazioan, baina urtez urte kopurua goraka doa, eta asmoa da gero eta esparru gehiagotako datuak eskuratzea. Gainera, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak 2017ko uztailaren 3an sinaturiko lankidetza-hitzarmenari esker, euskararen eremu osoko datuak jasotzen dituzte hainbat adierazlek. EASen ezaugarriak honakoak dira: 

  • Titulartasun publikokoa da, zerbitzu publiko iraunkorraren bokazioz eraikia.
  • Aldiro-aldiro argitaratuko duen informazioa erraz ulertzeko modukoa izango da (informazioa batez ere kuantitatiboa izango da, baina alderdi kualitatiboak ere izan ditzake lekua eta zentzua).
  • Euskararen lurraldeak izango ditu jomuga; herri-administrazioaren maila ezberdinak (Gobernu, foru-aldundi, eskualde, udal…) aintzat hartuko ditu, maila horietako bakoitzak hizkuntza-eremuan dituen eskumen eta interbentzio-arduren arabera.
  • Lau hizkuntzatan daude jasota datuak: euskararen eremuan, maila batean edo bestean, ofizialak diren hiru hizkuntzetan (euskara, gaztelania eta frantsesa), eta, horrez gain, ingelesez.

EAS aplikazioan sakontzeko saioa

Euskararen Adierazle Sistemak eskaintzen dituen baliabideak gertutik ezagutzeko, saio berezi bat eskainiko da abenduaren 10ean, streaming bidez. Saio horrek bi helburu nagusi izango ditu: alde batetik, interesa duen orok EAS lan-tresnaren oinarrizko ezagutzak barneratzea, eta gai izatea pauso gutxitan EASen bildutako datuak formatu ezberdinetan eskuratzeko. Bestetik, webgune berrian aurkitu daitezkeen edukien berri izatea, EASek eskaintzen dituen datuetan gehiago sakontzeko. Interesa duenak ondorengo helbidera idatzi beharko du izena emateko: eas@euskadi.eus

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek sustatu dute ekimena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak