Eusko Jaurlaritzak etorkizuneko haur eta nerabeen eskubideei buruzko legea sustatuko du

2020-11-19
  • Halaber, haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean estrategia integrala onesteko lehen urratsak eman ditu
  • Era berean, adingabeek parte hartzeko sustapenean aurrera egin du, programa pilotu baten bidez
  • Bihar, azaroaren 20an, Haurren Eskubideen Egun Unibertsala da

Urtero, azaroaren 20an, Haurren Eskubideen Egun Unibertsalean Nazio Batuek Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa onetsi izana ospatzen da, eta, egun horren bezperan, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak nabarmendu du Jaurlaritzak txikienekin eta beren eskubideekin duen konpromisoa. Hori horrela, Jaurlaritzak esku artean zenbait proiektu dituela azaldu du, besteak beste, haur eta nerabeen eskubideei buruzko etorkizuneko legea, haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurreko estrategia integrala eta toki-eremuan haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko proiektu pilotua.

“Gobernu honek konpromisoa hartu du haur eta nerabeen eskubideei buruzko legea onesteko, zeina integrala izango baita”, esan du Artolazabalek. Testu horretan ari da lanean, dagoeneko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila; testuak haur eta nerabeentzako babes-, prebentzio- eta sustapen-sistema arautu eta garatuko du, eta arreta berezia jarriko du prebentzioan eta kalteberatasun- edo babesgabetasun-egoeretan. Gobernuaren legegintza-egutegiaren arabera, testu hori Gobernu Kontseiluari bidaltzea aurreikusten da, 2021eko bigarren seihilekoan onets dezan.

Haur eta nerabeei arreta emateko batzorde iraunkor sektorialaren bilera baten esparruan, Beatriz Artolazabalek azaldu du, gaur, 2021aren amaieran, aurreikuspenen arabera, Eusko Jaurlaritzak estrategia integrala onetsiko duela haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean.

Prebentzio-estrategia integrala da, autonomia-erkidego osoarentzat, eta, esan duenez, haur eta nerabeen aurkako edozein indarkeria-motaren (tratu txarra, sexu-abusua, sexu-esplotazioa, haur-pornografia, salerosketa etab.) aurkako “tresna gisa” jardungo du, indarkeria-modu horiek etxeko eremuan, familian, hezkuntza-sisteman, lantokian zein komunitate-eremuan izan eta nerabeen babeseko eta zigor-erantzukizuneko sistemetan.

Eusko Jaurlaritzak, dagoeneko, proposamen hori prestatzeko laguntza teknikoa kontratatzeko baldintza teknikoen orria argitaratu du, eta, hala, haren tramitazioa hasi du. Estrategia horren oinarrizko jokabidea adingabearen interes nagusia izango da, eta haurren eta nerabeen zeharkakotasuna sustatuko du politika guztietan. Gainera, estrategia hori prestatzeko, oinarria honako txosten hau izango da: ‘EAEko ume eta nerabeenganako indarkeria. Diagnostikoa, erronkak eta orientazioak’. Txostena iaz egin zuen EDE fundazioak, Eusko Jaurlaritzarentzat, eta hark kasuak zuzen detektatzeak duen garrantzian jartzen du arreta.

Parte hartzeko eskubidea

‘Haurren eskubideen Konbentzioa’ NBEko Batzorde Orokorrak aldarrikatu eta hartu zuen 1989ko azaroaren 20an, eta lau oinarri nagusi ezartzen ditu: diskriminaziorik eza, adingabearen interes nagusiaren lehentasuna, biziraupenaren eta erabateko garapenaren bermea eta haurren parte-hartzea. Azken atal hori dela eta, Euskadin zenbait proiektu ari dira garatzen, txikienei ahotsa emateko.

Eusko Jaurlaritzaren kasua da; gaur egun toki-politiketan haurren parte-hartzea sustatzeko programa pilotua ari da garatzen. Hartan, autonomia-erkidegoko bederatzi udalerri ari dira parte hartzen, hiru lurralde bakoitzeko: Amurrio, Agurain eta Legutio, Araban; Portugalete, Durango eta Gordexola, Bizkaian, eta Zumaia, Urretxu eta Ataun Gipuzkoan. Hogeita hamar udalerri hautagai baino gehiago egon ziren. Proiektuak udalerri bakoitzean haurrek parte hartzeko erakunde egonkorra abiaraztea sustatzen du.

Eremu horretan, Innobasque - Berrikuntzaren Euskal Agentziak forma eman dio Euskadiko Haurren Hirien Sareari (UmHerri sarea); ekimen hori Francesco Tonucciren Haurren hiria (La citta dei bambini) proiektuari lotuta dago. Proiektu horren helburua da hiria “umeena dena”ren parametrotik eraldatzea:

UNICEFek, bestalde, Haurren Hiri Lagunkoiak sustatzen du, eta, bertan, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin bat etorriz haur eta nerabeen eskubideak betetzeko konpromisoa duten udalerriak biltzen dira.

Gotzon Bernaola Innobasqueko Berrikuntza Publikoko zuzendariak azaldu du Euskadiko Haurren Hirien Sarea euskal udalerrien sare bat dela, zeina Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen baitu, eta, hartan, dagoeneko, 20 udalerri inguruk parte hartzen dutela, haurren parte-hartzea, jolasa eta autonomia lantzeko. “Gure udalerriak eta erkidegoak ikasteko ingurune osasungarriak, parte-hartzaileak eta inklusiboak izateko oinarri gisa. Haurrekin eta haurrentzat diseinatzen dugunak guztioi balio digulako”. Azken batean, “konprometituta dauden udalerrien sarea da; sarearen helburua da toki-politika eta erkidegoak hazteko baldintzak eraldatzea, umeekin egiten den lanetik abiatuta”.

Bestalde, Elsa Fuente UNICEF Euskadiko koordinatzaileak honako honetan jarri du fokua: “COVID-19-aren krisia gazteenetan izaten ari den eragina”. “Munduko haur eta nerabeetan izaten ari den eragina gero eta kezkagarriagoa da. Pobreziak eta desberdintasunak gora egin ahala, pandemiak mundu osoko haurren osasuna, hezkuntza eta babesa bermatzen dituzten funtsezko zerbitzuak hankaz gora jarri ditu. Gaur inoiz baino premiazkoagoa da esku hartzea eta haiek entzun eta kontuan hartzea. Konpromisoa hartu behar dugu haur eta gazteekin batera lan egiteko, guztiontzako etorkizun hobea berriro imajinatzeko, eta, horretarako, baterako ahalegin horiek bideratuko dituen ibilbide-orri izango ditugun Familia eta Haurren aldeko Euskal Ituna eta 2030 Agenda ditugula ekarri behar dugu gogora”.

2 iruzkin
  • 2020-11-19

    Aitona-amonei abusurik ez egitea eta zaintzaile-figura inposatzea haurrak nerabezaroan ere arretarik gabe edo bakarrik eta etxean erantzukizunik gabe ez uzteko

  • 2020-11-19

    No abusar de abuelos y abuelas e imponer la figura cuidadora no se deje a niñas y niños incluso en la adolescencia en desatención o solos y solas con responsabilidad de la casa faltando capacidades.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak