qrcode

Beatriz Artolazabalek nabarmendu du Euskadin migratzaileei arreta integrala eskaintzen zaiela, eta Irunen iragaitzazko migratzaileentzat dagoen baliabidearen balioa nabarmendu du

2020-11-18
  • “Ez dut uste adierazpen batzuk egiteko unea denik”, esan du
  • Eusko Jaurlaritza Kanariei laguntzeko prest agertu da, jasaten ari den migrazio-presioaren aurrean.

Tolosa, 2020/11/18

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak gaur nabarmendu du Gurutze Gorriarekin batera Irunen iragaitzazko migratzaileentzat gaitu duten baliabideak, pasa den gauean, 15 pertsona hartu dituela. Baliabide hori “lan koordinatua egiten ari da eta dozenaka pertsonari ari zaie arreta ematen, duela urte batzuetatik hona”. “Batzuek baliabide bat erabiltzera bultzatzen dute, nahiz eta hasieratik jakin ez dutela horretarako profila betetzen, eta horrek harritu egiten nau”, esan du.

“Ez dut uste unea denik adierazpen batzuk egiteko; une honetan, lagundu egin behar da”, esan du, eta “duela urte batzuetatik hona administraziook Gurutze Gorriarekin pertsona kalteberei arreta emateko egiten ari garen lanaren” balioa nabarmendu du.

Tolosan Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren aplikazioa aurkezteko programatuta zeukan ekitaldian, sailburuak hala erantzun die bertan zeuden kazetariek Irunen azken egunotan bizi duten egoerari buruz eginiko galderei. “Orain modu koordinatuan lan egin behar da, beste errealitate horiei irtenbidea emateko, baina azpimarratu nahi dut migratzaileei Euskadin arreta integrala eskaintzen zaiela”, nabarmendu du

“Egunotan iragaitzazko migratzaileentzako baliabidea eskuratzeko ahalegina egin duen pertsonaren batek hiru urte baino gehiago daramatza penintsulan, eta, gure ustez, baliabidearen ezaugarriak ez dira bere profilera egokitzen”, esan du. “Baliabide honen bidez zenbait errealitateri eman zaie arreta, eta, batzuetan, malgutu egin dira hura eskuratzeko eskakizunak, beren ezaugarriak direla-eta, kalteberatasun bereziko egoeretan zeuden pertsonei arreta emateko, besteak beste seme-alabak dituzten emakumeei”.

Era berean, sailburuak azaldu du pandemiaren egungo egoerak, halaber, arreta jasoko duten pertsonen trazabilitatea egiteko neurri batzuk hartzera behartzen duela.

Kanariekin dugun jarrera

Beatriz Artolazabalek Radio Euskadin eginiko aurretiko elkarrizketan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzan “kezkatuta” daude gaur egun Kanarietan migrazio-presioa dela-eta dagoen egoeragatik, eta, esan duenez, “Euskadik beti izan ditu aurreikusitako baliabideak lagundu ahal izateko”, bere ahalmenen neurrian, “beste alde batera begiratu” ezin den egoeretan.

“Ez dugu Espainiako Gobernuaren albisterik, ez eta Kanarietako agintariena ere gure ahalmena zein den ikusteko, baina gu beti izan gara solidarioak, eta beti izan ditugu aurreikusitako baliabideak lagundu ahal izateko, gure ahalmenen neurrian, beste alde batera begiratu ezin den egoeretan”, esan du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak