Pedro Azpiazu Sailburuak bide telematikoz hartu du parte BMEk eta Finantzaketa Iraunkorraren Espainiako Behatokiak (OFISO) antolatu duten “Finantzaketa eta Bonu Berdeak eta Jasangarriak susperraldirako elementu gisa” Jardunaldian.

2020-11-19

 

PEDRO AZPIAZUK IRAGARRI DUENEZ, EUSKO JAURLARITZAK JAULKIPEN ETA MAILEGU BERDE, SOZIAL ETA IRAUNKOR BEREIZIAK EGIN AHAL IZANGO DITU 2021EAN

 

  • Azpiazuk ziurtatu duenez Jaurlaritza bere lehengo iraunkortasun rating-a, ESG rating-a, lortzeko lanean ari da

 

  • Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak online hartu du parte BMEk eta OFISOk Madrilgo Burtsan antolatutako “Finantzaketa eta Bonu Berdeak eta Iraunkorrak susperraldirako elementu gisa jardunaldiaren lehen mahai-inguruan

 

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak “Bonu berdeak eta iraunkorrak eta finantzaketa iraunkorra egungo egoeran eta Covidaren ondoren susperraldi ekonomikoaren faktore gisa” izeneko jardunaldian parte hartu du gaur goizean (bide telematikoz). BMEk (Espainiako Burtsak eta Merkatuak) eta Finantzaketa Iraunkorraren Espainiako Behatokiak (OFISO) antolatu dute Madrilgo Burtsan.

Azpiazu Isabel Pardo de Vera ADIFeko presidentearekin eta Antonio Cordero KOIko zuzendari nagusiarekin egon da mahai-inguruan, eta gai hauek eztabaidatu dituzte: “Finantzaketa iraunkorra ardatz estrategiko gisa”, “Ekonomia suspertzeko ekarpena: EBko Suspertze Funtsa”, “Finantzatu beharreko Proiektuak”, “Inbertitzaileekiko Harremana”, “Erregulazioa, Gainbegiratzea eta Pizgarriak”, etab.

Pedro Azpiazuk bere hitzaldian esan duenez, “Eusko Jaurlaritza lanean ari da bere Esparru Iraunkor berrian, 2021ean, etorkizunean egingo ditugun jaulkipenei begira, prest izateko. Esparru horrek lehen aldiz onartuko du jaulkipen eta mailegu berde, sozial eta iraunkorrak modu bereizian egitea. Gainera, iraunkortasun rating-a, ESG rating-a, lortzeko lanean hasiko gara. Hori beste pauso bat, eta handiagoa, izango da iraunkortasunarekin dugun konpromisoan”.

Sailburuak adierazi duenez, 2018an “Eusko Jaurlaritza izan zen zor iraunkorra jaulki zuen lehen euskal erakundea”. “Euskadiko Bonu Iraunkorraren lehen jaulkipena 2018ko maiatzean izan zen, 500 m/€-ko balioarekin. Road show bat egin genuen Europako hainbat herrialdetan, eta, egia esan, eskaintza hirukoiztu zuen eskaria izan genuen, 13 herrialdetakoa. Kolokazioaren %65 nazioarteko inbertsiogileen artean egin genuen, %1,45eko tasa nominalarekin eta spread-eko oinarrizko 15 punturekin”.

Azpiazuk gogorarazi duenez, 2019an bonu iraunkorraren jaulkipena 100 milioi euro handitu zen, eta, ondorioz, 600 milioi euro kolokatu ziren, eskaintza baino lau aldiz eskari handiagoa lortuz. Aurtengo martxoan 500 milioiko jaulkipena egin zen eta eskariak zazpi aldiz biderkatu zuen eskaintza. Apirilean 50 milioiko emisio iraunkor pribatua egin zen, eta, Pedro Azpiazuk gaineratu duenez, duela egun batzuk “gure ibilbideko laugarren Euskadi Bonu Iraunkorra eta aurtengo bigarrena jaulki genituen. Berriro ere, eskariak gure eskaintza (600 milioi euro) hiru aldiz baino gehiagotan gainditu zuen, 16 herrialdetako 120 inbertitzailerekin. Jaulkipena negoziatu ondoren ateratzen den tasa nominala %0,25ekoa izan da 10 urtera, oinarrizko 9 puntuko spread-arekin. Autonomia Erkidego batek 10 urterako egindako emisio batek inoiz lortu duen tasarik txikiena da, eta Autonomia Erkidego batek digitu bakarreko spread-a lortu duen lehen aldia”.

Pedro Azpiazu sailburuak adierazi duenez, “horrelako finantza-produktuekin dugun esperientzia oso positiboa izaten ari da, eta leku garrantzitsua bete gura dugu bonu iraunkorren merkatuaren garapenean, horrela, Euskadik ingurumen, ekonomia eta gizarte arloetan dituen erronkei aurre egiteko finantzaketa arduratsua eta eraginkorra sustatuz. Gainera, ikusten ari gara inbertitzaileek oso modu positiboan baloratzen dutela Eusko Jaurlaritza iraunkortasunaren alde egiten ari den apustua.”

Azkenik, Azpiazuk kontuak aurkeztearen eta inbertitzaileen aurreko sinesgarritasunaren eraginari buruzko aldeko txosten on bat egitearen garrantzia azpimarratu du, “Euskadiko Bonu Iraunkorra jaulkitzean hartutako konpromisoak betetzeak kanpoko berrikuspen baten bermea behar du, eta gure kasuan, ingurumena, gizartea eta gobernantza kalifikatzeko Europako hiru agentzia handienetako batek gauzatu du, Sustainalytics-ek, hain zuzen ere”. “Finantzatu beharreko programak Eusko Jaurlaritzako Iraunkortasun Bonuen Batzordeak hautatzen ditu. Batzorde horrek, gainera, ezarritako irizpideak betetzen diren ala ez ebaluatu eta bonu iraunkor bakoitzaren gaineko eraginari buruzko txostena egiten du, bakoitza jaulki eta hurrengo 12 hilabeteen barruan”.

 

 

 

 

 

Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 19an

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak