Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak nahi gabeko bakardadeari heldu dio, Agenda Nagusi TV-ren bidez; senior herritarrei zuzentzen zaien telebista-kanal digitala da

2020-11-20
  • Prozesu honetan jasotako ondorio eta ekarpenen bidez, errealitate horren kontrako etorkizuneko Erakundeen arteko Plana elikatuko da
  • agendanagusitv.eus web-orriaren bidez, bost telebista-saio argitaratuko dira; haien bidez, parte hartzera animatuko da

Bilbo, 2020/11/20

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Agenda Nagusi TV abiarazi du, Agenda Nagusi izeneko proiektuari (adinekoekiko parte-hartze publiko-sozialaren proiektua) jarraipena ematen dion telebista-kanal digitala. Bigarren edizio honetan, proiektuak nahi gabeko bakardadeari heltzen dio, formatu berri batekin: senior biztanleriari zuzentzen zaion online telebista-kanal baten bidez.

Agenda Nagusiren lehen edizioan bezala, prozesu berri horretan jasotzen diren ondorio eta ekarpenen bidez, Gobernuaren politiketan eragin nahi da. Hori horrela, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak azaldu duenez, “haien bitartez Nahi Gabeko Bakardadearen aurka Borrokatzeko Erakundeen arteko Plana izango dena osatuko da”; Eusko Jaurlaritzak plan hori legegintzaldi honetan ezarriko du, eta PSE-EE-EAJren arteko gobernu-akordioari erantzuten dio.

Nahiz eta zaila den nahi gabeko bakardadean zenbat pertsona bizi diren jakitea, Euskadin, Eustaten azken datuen arabera –apirilekoak–, 263.000 pertsona bizi dira bakarrik. Haietatik, % 43k ia, 112.500 pertsonak, 64 urte baino gehiago dituzte, eta, pertsona horietatik, 27.900ek 85 urte edo gehiago dituzte. “Hemen ere genero-ikuspegia ezinbestekoa da; bakarrik bizi diren lau pertsonatatik ia hiru, zehazki % 73,5, emakumeak dira”, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez.

Artolazabalek nabarmendu duenez, “bakarrik bizitzea eta bakardadean sentitzea oso gauza desberdinak dira”, baina bakarrik sentitzen direnetan jarri du arreta; izan ere, “hori ez da egoera iragankor bat; pertsona askorentzat sufrimendua eta estutasuna dakartzan egoera emozionala eragiten du”.

Arazo horri heltzeko, Berdintasuneko sailburuak nabarmendu du nolako garrantzia duen “agente publiko eta pribatuen arteko elkarlanak eta, batik bat, euskal gizartearen inplikazioak berak”. Hori horrela, Agenda Nagusi TVren aurkezpena BBK Aretoan izan da; bertan izan da Nora Sarasola BBK Obra Sozialeko zuzendaria, eta Mercedes andrearen irudia ere bai; hura da 2019an nahi gabeko bakardadea sinbolizatu zuen eta haren gaineko arreta deitu zuen Bakardade Ikusezina kanpainaren ikurra.

Jauzia digitalera

Egungo osasun-larrialdiko egoerak Agenda Nagusian digitalera jauzi egin behar izatea ekarri du; izan ere, ezin dira pertsona-taldeak batu. Hori dela eta, proiektua berrasmatu egin da, online formatu berriaren bidez; formatu horrek aukera ematen du gizartearekin eta, bereziki, senior biztanleriarekin aurrez aurrekoa ez den elkarreragina izateko.

Hala sortu da Agenda Nagusi TV; parte hartzeko eta informazioa jasotzeko online kanala da, eta prestakuntzako eta kontsultako espazio bat eskaintzen du, iritzirako eta herritarrekin eta, bereziki, nagusiekin egiaztatzeko espazio bat. Hala, arazoei heldu eta irtenbideak proposatzeko aukera ematen du. www.agendanagusitv.eus web-orrian, bost telebista-saio argitaratuko dira, ordubete ingurukoak, 2020a amaitu aurretik. Lehen saioa, dagoeneko, mila pertsona inguruk ikusi dute.

Saio horietako bakoitzak sei atal ditu, eta atal horiek elkarrizketak, solasaldiak, adituen ekarpenak, kalean hartutako iritziak eta entretenimendua konbinatzen dituzte.

Agenda Nagusi TVren web-espazioan, gainera, online hitzaldien atari bat eta gaiarekin zerikusia duten bideo eta dokumentuentzako beste espazio bat daude. Kanal horren bidez, elkarreraginerako bide ematen da, egoerari buruzko eta arazoari heltzeko modu posibleei buruzko iritzi, balorazio eta iradokizunak jaso ahal izateko aukera eta galdetegien bitartez.

Agenda Nagusia

Eusko Jaurlaritzak adinekoen parte-hartze publiko-sozialerako abian duen ereduaren –Agenda Nagusi– lehen edizioa 2019an izan zen; hamar bat ekitaldi parte-hartzaile ireki antolatu ziren, eta, haietan, Euskadiko zenbait udalerritako eta eremutako 500 pertsonak baino gehiagok iritzia eman zuten. Ekarpen horiekin, Eusko Jaurlaritzak 2021-2024 Familia Zaintzaileentzako Laguntzarako Estrategia Soziosanitarioa prestatu du; estrategia baliozkotzeko azken fasean dago, onetsi aurretik.

Agenda Nagusia Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategiarekin (2015-2020) bat dator; estrategiak, lehen arloan, Euskadin gizarte- eta antolamendu-aldaketa sustatzeko helburua jaso du, biztanleriaren egiturarekin eta bertan zahartzen diren pertsonen eginkizunarekin bat datorren gobernantza-eredua sortuko duena, bai politika publikoen eremuan, bai pribatutasunaren eremuan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Nora Sarasola, BBK Fundazioaren Gizarte Ekintzako zuzendaria eta Beatriz Gázquez, Agenda Nagusiko koordinatzailea