Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.149 isun jarri dituzte asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

2020-11-16

Joan den asteburuko hiru egunetan Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.149 isun jarri dituzte Euskadin, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik. Horietatik 475 zirkulazio-askatasunaren eta gehienez seiko taldetan elkartzeko muga ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

 

Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburu honetan berriz egin dituzte kontrolak norbera bizi den udal-herritik eta autonomia-erkidegotik justifikatu gabeko arrazoiengatik irtetea eragozteko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 1.149 isun bideratu dituzte ostiraletik igandera bitartean. Horietako gehienak, 475, alegia, mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez sei pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik jarri dituzte. Ia 500 isun horietatik 250, zehazki, gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

 

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 407 isun jarri dituzte.  Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 123 isun jarri baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, kalean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

 

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 135 isun Araban, 509 Bizkaian eta 505 Gipuzkoan.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko