Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak

123.800 euskal herritarrek jaso zituzten Europako Gizarte Funtsaren laguntzak, 2009. urtean baino % 58 gehiagok

2011.eko ekainak 13

 

  • 2010. urtean 24 milioi euro inguru gastatu ziren ekintzetan
  • Programak Euskadin 279 enpresa sortzeko aukera eman zuen iaz

Joan den urtean, enpresa berriak sortzeko orientazioko, prestakuntzako eta laguntzako ekintzen bitartez enplegu-politikak sustatzeko Europar Batasunak Euskadira bideratu zituen laguntzek 123.801 onuradun izan zituzten guztira Euskadin. Onuradun-kopuru horrek esan nahi du % 58,7ko igoera izan dela 2009. urtearen aldean. Horrez gain, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren tutoretzapean eta foru-aldundien, udalen eta garapen-agentzien partaidetzarekin garatu den programa horrek 279 enpresa sortzeko laguntza eman zuen, eta beste 2.406 enpresari produktibitate- eta lehiakortasun-mailak areagotzen lagundu zien, enpresak antolatzeko eta kudeatzeko eredu berriak sustatuz.

Europako Gizarte Funtsaren (EGIF) laguntzen % 71 enplegu-eskatzaileen jarduera- eta enplegu‑tasak igotzeko erabili ziren, laneratzeko zailtasun handienak dituzten giza taldeei bereziki zuzenduta; hau da, 25 urtetik beherako gazteei, 54 urtetik gorakoei, iraupen luzeko langabetuei eta desgaitasunak dituztenei. Adibidez, 25 urtetik beherako 24.760 gazte baliatu dira plan horretaz. Bestalde, parte hartu duten 54 urtetik gorako euskal herritarrak 3.764 izan dira.

Ekarpen horien gainerako % 29a enpresa-espiritua sustatzeko eta jadanik sortuta zeuden enpresen iraupena bermatzeko erabili ziren.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, aldundiek, udalek, garapen-agentziek eta hirugarren sektoreko enpresek garatutako programetan parte hartu duten 123.801 lagunetatik, % 72,2 langabezian zeuden. Javier Ruiz Enpleguko sailburuordearen iritziz, "garrantzitsua da nabarmentzea laneratze zaileko giza taldeetan programek duten eragina; besteak beste, desgaitasunen bat dutenengan, giza talde kalteberetako beste pertsonengan edo iraupen luzeko langabetuengan".

2010. urtean, bi norabide horietan egindako jardunetara 24 milioi euro bideratu ziren, gutxi gorabehera. Europar Batasunak erdia finantzatu zuen, Eusko Jaurlaritzak zazpi milioi jarri zituen, eta gainerakoa foru-aldundiek, udalek, garapen-agentziek eta hirugarren sektoreko enpresek. Bereziki garrantzitsuak izan dira Lanbideren enplegu-orientazioko zerbitzuekin eta Eusko Jaurlaritzako zentro laguntzaileekin lotutako proiektuak. Ez dira ahaztu behar, ezta ere, foru-aldundietako garapena eta enpresa-sorrera sustatzeko agentziek eta Lan Ekintzak enpresei laguntzeko emandako zerbitzuak. Halaber, nabarmentzekoak dira Ehlabek desgaituak laneratzeko asmoarekin abian jarritako "Baliabideen Zentro Integrala" proiektua, Sarturen eta Peñascalen Sendotu eta Emausen "Activa-t" proiektuak, eta Donostiako Sustapenaren proiektuak, guztiek ere lan-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak laneratzeko helburua duten neurrian.

Datu horiek gaur aurkeztuko dira, Europako Gizarte Funtsaren (EGIF) 2007-2013ko Programa Operatiboaren jarraipen batzordeak Bilbon egingo duen bileran. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua mahaiburu izango da topaketa horretan, non Lan Ministerioaren, Europar Batasuneko Enplegu Zuzendaritza Nagusiaren, foru-aldundien, udalen, garapen-agentzien eta hirugarren sektoreko enpresen ordezkariek ere parte hartuko duten.

Europako Gizarte Funtsa (EGIF) Europar Batasuneko egitura-funtsetako bat da. Europar Batasuneko eskualde eta estatuen arteko aberastasun eta bizi mailen aldeak murrizteko eta gizarte- eta ekonomia-kohesioa sustatzeko sortu zen. Horrez gain, Europar Batasunak pertsonengan inbertitzeko duen finantza-tresna nagusia da, enpleguaren aldeko tresna da, eta lagungarria da pertsonen prestakuntza hobetzeko eta, aldi berean, haien lan-etorkizuna hobetzeko.

Euskadik 20 urte baino gehiago daramatza Europako Gizarte Funtsaren ekarpenak jasotzen; horrela, erkidego honetako erakunde publiko eta pribatuek enpleguaren eta prestakuntzaren alde garatu dituzten programa eta ekintza gehienak Europako funts horren baterako finantzazioarekin gauzatu dira.

Europako funtsak 7 urteko aldietan planifikatu eta ematen dira. Oraingo aldia 2007. urtetik 2013.era bitartekoa da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan