Berriak Segurtasuna

Bilbo, 17 pertsonari isuna jarri diete etxebizitza batean eta hotel bateko gelan legez kontrako festak egiteagatik

2020-11-15

Ertzaintzak hamazazpi pertsonari jarri die isuna gaur goizaldean Bilbon, koronabirusak eragindako pandemiaren aurka borroka egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik. Horietako hamaika etxebizitza bateko festa batean zeuden, eta beste seiak hotel bateko gelan ari ziren festa egiten. Bestalde, beste hamalau pertsona aurkitu zituzten atzo gauean Irungo parke batean botiloi bat egiten, eta Gasteizen beste 8 goizaldean kalean istilua sortzen.

Festetako bat goizaldeko ordu biak aldera hauteman dute Bizkaiko hiriburuko Alde Zaharreko etxe batean. Etxebizitzan 11 pertsona aurkitu dituzte, eta isunak jarri dizkiete. Horietako bat edo beste alkoholdun edarien eraginpean zeuden. Handik bi ordura, Ertzaintza hiriko erdialdeko hotel batean sartu da, eta beste 6 pertsona aurkitu dituzte festa batean alkoholdun edariak kontsumitzen.

28 isun Irunen eta Oiartzunen

Gaueko hamaikak aldera, 14 pertsona harrapatu dituzte Irungo parke batean botiloia egiten, eta identifikatu ondoren isunak jarri dizkiete. Ordu batzuk lehenago, seiak aldera, Ertzaintzari jakinarazi diote hainbat pertsona edaten eta maskarak behar bezala jantzi gabe zeudela Oiartzungo plaza batean, eta agenteek 14 pertsona zehatu dituzte bertan.

Beste 8 Gasteizen

Bestalde, Araban 8 pertsonari abiarazi dizkiete isunak Gasteizko Gazalbide inguruan, agenteek kalean aurkitu baitituzte goizaldeko ordu bat eta erdiak inguruan, arrazoi justifikaturik gabe, hainbat pertsonak Ertzaintzari eta Udaltzaingoari jakinarazi ondoren zaratak eta istiluak sortzen ari zirela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko