INFORMAZIO-OHAR ARGIGARRIA

2020-11-13

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak informazio-ohar hau ematen du ezagutzera, gaur goizean, ELA sindikatuak hedabideetan esandakoa argitzeko:

  1. Arantxa Tapiak eta berak zuzentzen duen Saileko ordezkariek inoiz ez dute huts egin ELA sindikatuak edo sindikatua bera ordezkatuta egon daitekeen edozein enpresa-batzordek deitutako eta/edo eskatutako hitzordu bakar batean.
  1. ELA sindikatuak, ordea, azken zortzi urteetan, Sail honek deitutako edo proposatutako bileretara eta lan-saioetara joatea onartu edo baztertu du, kasu bakoitzaren arabera.
  1. Egia esan, Tapia sailburuaren lehen legealdiaren hasieran, ELA sindikatuko ordezkariek parte hartu zuten 2013-2016 Industria Plana prestatzeko Sailak proposatutako alderatze-bileretan. Baina egia da ere, aurrerago, eta inoiz ezagutzera eman ez zituzten arrazoiengatik, Sindikatuak lankidetzako dinamika hau etetea erabaki zuela.
  1. Zortzi urte hauetan, eta gizarte- eta enpresa-foroetan —adibidez, Elkarrizketa Sozialeko Mahaia edo Industria Lehiakortasun Foroa— ELAk parte hartzeari uko egin arren, Tapia sailburua eta Saileko ordezkariak langileen batzordeek —ELA sindikatuak berak ordezkariak dituenak ere— eskatutako bilera guztietan egon dira.
  1. Aipatu behar da, zorionez, ELAren dinamika 2020ko martxoan aldatu zela, pandemiaren erdian geundela, Arantxa Tapia sailburuak “COVID-19 mahai sozioekonomikoa” eratu zuenean. Sindikatuak bertan parte hartzea onartu zuen eta modu aktiboan egin ere.
  1. Legealdi berri honen hasiera aldera, sailburuak hainbat bilera egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa- eta gizarte-eragileekin, eta horien artean, jakina, ELA sindikatuarekin. Bilera hori urriaren 7ko 13:00etan egin zen eta, Idazkari Nagusi Mitxel Lakuntzak bilerara joateari uko egin zion arren, bertan negoziazio kolektiboko arduradun Pello Igeregi eta Industria eta Eraikuntza Federazioko idazkari nagusi Unai Martinez egon ziren.
  1. Horrengatik guztiarengatik, eta gaur goizean eman den informazioaren aurrean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak honako hau argitu nahi du: azken urteetan, Arantxa Tapia sailburua ELA sindikatuarekin elkarlanean jarduteko prest egon dela beti, eta, agian, bi aldeen arteko komunikazio-ezaren oinarrian erakunde sindikalak berak erakutsitako aurreiritzia egon daitekeela, askotan hainbat forotan parte hartzeari uko egin baitio.
  1. Arantxa Tapia sailburuak aukera hau baliatu nahi du ekonomia-, enpresa- eta gizarte-eragileekin, oro har, hitz egiten eta elkarlanean jarraitzeko duen borondatea berriro adierazteko eta, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak datozen urteei begira dituen erronkei ahalik eta modu aproposenean ekiteko.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak