Berriak Segurtasuna

Bilbon bi pertsona atxilotu dituzte auto batean 2 kilo kokaina hartuta zihoazela

2020-11-13

Bilboko Udaltzaingoa ikerketa hasi da eta Ertzaintzaren laguntzarekin

Bilbo, 2020 azaroak 13

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak 46 urteko emakume bat eta 50 urteko gizon bat atxilotu dituzte droga-trafikoaren delitu bat leporatuta. Biak auto batean geldiarazi zituzten Bizkaiko hiriburuan, eta autoan bi kilo kokaina aurkitu zituzten. Gero Bilboko eta Barakaldoko bi etxebizitza miatu zituzten, eta nahasteko substantzia baten hiru kilo, 12.000 eurotik gora, doitasun-balantzak eta substantzia sorgorgarriak manipulatzeko tresnak, horien artean, prentsa bat eta zigilatzeko makina bat, aurkitu zituzten. Hautemandako droga oso purua da eta Madriletik ekarri zuten, eta txikizka salduta 200.000 eurotik gorako balioa izango luke. Atxilotua espetxean sartu da epailaren aginteagatik.

Bilboko Udaltzaingoak orain dela hainbat hilabete hasi zuen ikerketa, bizilekua Bizkaian duten gizon batek eta emakume batek substantzia sorgorgarrien trafikoarekin zerikusiren bat izan zezaketela susmatuta. Polizia-ikerketa horretan oinarrituta jarri zen abian Ertzaintzarekin egin den operazio bateratua.

Horrela, asteazken goizeko bederatziak aldera, bi pertsona horiek auto batean zirkulatzen hauteman zituzten AP-68 autobidean, Arabako lurraldean, eta dirudienez Euskadi kanpotik zetozen. Une horretatik aurrera Bizkaiko hiriburura arte atzetik jarraitu zieten, eta hainbat kaletatik zirkulatu ondoren, geldiarazi egin zituzten. Autoan zihoazen bi bidaiariak oso urduri zeuden, eta bidaiaren arrazoiari buruzko bertsio kontrajarriak eman zituzten. Egoera argitzeko, Bilboko Ertzain-etxera eraman zituzten. Bertan autoa miatu zuten, eta, kopilotuaren airbagean ezkutatuta, hiru pakete, guztira bi kilogramo kokaina, eta doitasun-balantza bat aurkitu zituzten. Une horretan, biak atxilotu zituzten drogarekin trafikatzea leporatuta. Arrastatutako emakumeak bi mila eurotik gora zeramatzan dirutan.

Droga-laborategi bat Barakaldoko etxebizitza batean

Dagozkion baimen judizialak eskatuta, bi etxebizitza miatu zituzten Ertzaintzako Txakur Unitatearekin batera. Horietako bat Bilbon, eta bertan 12.000 eurotik gora aurkitu zituzten kopuru ezberdinetako billetetan banatuta, eta hainbat telefono mugikor. Bigarren etxebizitza Barakaldon miatu zuten, inplikatutako pertsonek gela bat baitzuten alokatuta bertan. Gela horretan nahasteko substantzia baten hiru kilogramo, berrogeita hamar bat gramo kokaina eta drogak manipulatzeko eta dositan banatzeko beste material batzuk aurkitu zituzten. Horrez gainera, moldeak eta prentsa bat, zigilatzeko makina bat, hiru balantza, poltsatxoak eta plastikozko poteak ere bazituzten.

Beste ibilgailu batean, kopilotuaren eserlekuaren azpian, dirudienez droga garraiatzeko erabiltzen zuten zulo bat aurkitu zuten.

Ertzaintzak atxilotu dituen bi pertsona horien bidez jakin ahal izan da konfiskatutako droga, dirudienez ehuneko laurogeita hamarreko purutasuna duena, Madrilen erosi zutela eta handik zetozela geldiarazi zituztenean. Hori dela eta, koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik ere salatu dituzte. Bestalde, hautemandako drogak 200.000 eurotik gorako balioa izango luke txikizkako salmentan.

Komisaldegian polizia-eginbideak amaitu eta gero bi atxilotuak Bilboko Epaitegira eraman zituzten  eta gizonezkoa Basauriko espetxera sartu da.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak