Berriak Segurtasuna

Lasarte-Oria, Ertzaintzak gizon bat atxilotu du droga-trafikoaren aurkako operazio baten ondoren

2020-11-12

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo Lasarte-Orian droga-trafikoaren delitua leporatuta, apirilean hasitako polizia-ikerketa baten ondorioz. Gizona ustez droga-banaketarako erabiltzen zuen lokalean bertan atxilotu zuten.

 

Aurtengo apirilean, pandemia betean, Ertzaintzak droga-trafikoari buruzko polizia-ikerketa bat hasi zuen, eta, ikerketa horri lotuta, atzo 50 urteko gizon bat atxilotu zuen drogarekin trafikatzea leporatuta. Ikerketan Ertzaintzako Hernaniko ikerketaren eta herritarren babesaren arloko agenteek parte hartu dute. Hilabete hauetan Lasarte-Oriako erdialdean garai batean denda bat egon zen lonja ikertu dute batez ere. Higiezin horretan ustez sarri banatzen ziren substantzia sorgorgarriak.  

Atzo goizean, Donostiako Arlo Penaleko Epaitegi batek lonjan sartzeko eta lokala miatzeko emandako agindu bat hartuta, gauzatu zen operazioan Ertzaintzako Hernaniko hainbat baliabidek eta Txakur Unitateak parte hartu zuten, eta Lasarteko udaltzainen laguntza izan zuten. Lokalean ustez sorgorgarriak diren hainbat substantzia, doitasun-balantzak, substantzia sorgorgarriak manipulatzeko eta banatzeko tresnak eta, besteak bestea, droga-mugimenduak, izenak eta banatutako drogaren zenbatekoak jasota zituen koaderno bat aurkitu zituzten. Ebidentzia guztiak Ertzaintzako Polizia Zientifikora bidali dituzte azter ditzaten. Atxilotua Ertzaintzaren Hernaniko egoitzara eraman zuten dagozkion polizia-eginbideak gauzatzera, eta gaur goizean zehar jarriko dute agintari judizialaren esku. Ikerketa zabalik dago, aztertuko diren frogetan elementu berriren bat sortzen bada ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko