Artolazabal sailburuak Etxegabeen Euskal Estrategiaren ekimenak eta pandemiak eragindako egoeraren aurreko erakunde-erantzuna nabarmendu ditu

2020-11-13
  • Eusko Jaurlaritzak Covid-19-aren aurrean hartutako neurriak zabalduko ditu, eta beharren bilakaerara egokituko ditu
  • Lehen Urratsa laguntza-programaren bidez, dagoeneko, 1.000 pertsona baino gehiagori eman zaie arreta

Vitoria-Gasteiz, 2020/11/13

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, gaur, Etxegabeen Euskal Estrategiaren ekimenak nabarmendu ditu; izan ere, estrategia horretan aurreikusten diren neurriak “ongi ari dira garatzen”, eta Covid-19-aren pandemiak kolektiboan eragindako ondorioak arintzeko Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeak eta instituzioak egiten ari diren lanaren balioa nabarmendu du, aparteko egoera horretan sortzen ari diren beharrei ari baitzaizkie erantzunak eskaintzen. Hala egin du kontrol-saioan, Eusko Legebiltzarrean.

Nerea Kortajarena EH Bildukoak COVID-19-aren bigarren olatu honetan etxegabeentzako arreta egokiari buruz Legebiltzarrean eginiko galderari erantzuteko, Artolazabalek honako hau nabarmendu du: “etxegabeei arreta egokia ematea lehentasunezkoa da une honetan”.

Hori horrela, gogorarazi duenez, “osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisi honen hasieratik, hirugarren sektore sozialeko instituzio eta erakundeekin ari gara eskutik lanean, Covid-19-ak etxegabeetan eta beste kolektibo kaltebera batzuetan duen inpaktuaren ondorioak identifikatzeko”.

Programak luzatzea

Sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak Covid-19-aren aurrean hartu dituen neurriak luzatu egingo dituela denboran, eta abenduaren 31tik aurrera ere jarraitu egingo dutela; hala, beharren bilakaerara egokituko ditu, “betiere beste erakunde batzuekin eta hirugarren sektore sozialarekin elkarlanean”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazi duenez, martxoan, ordurako, lan-batzorde bat jarri zen abian, bazterketaren eremuko hirugarren sektore sozialeko erakundeekin, eta, ondorioz, Inor Atzean Utzi Gabe funtsa sortu zen. Funts horretan, berariaz etxegabeei zuzendutako bi programa jaso dira: Aterpeak programa, udalekin batera, etxeko konfinamenduan etxegabeentzako babeslekuak gaitu zituzten erakundeen ekimenak bultzatzeko. Eta Lehen Urratsa programa, zeina erakundeekin batera diseinatu baita, gizarte-laguntzadun ostaturako alternatibak eskaintzeko, gaitutako babeslekuetatik irten ziren pertsonekin gizarteratzeko prozesuak berraktibatzeko edo hasteko. Programa horren bidez, dagoeneko, 1.000 pertsona baino gehiagori eman zaie arreta, sailburuak iragarri duenez.

“Oso adi gaude etxegabeen egoeraren bilakaerari, zehazki gaua kalean ematen dutenen egoeraren bilakaerari, eta hura prebenitzeko eta egoera horri alternatibak eskaintzeko ahaleginetan”, esan du Artolazabalek, amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak