SPRI Taldeak sustatu egin nahi du emakumeen sarrera industriara

2020-11-11
  • Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendari Cristina Oyónek Italiako Como lakuan egin den World Manufacturing Forum ekitaldian parte hartu du.

 

SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendari Cristina Oyónek esan du emakumearen sarbidea sustatu behar dela manufakturako industriara, sektore industrialeko langileen % 30 bakarrik direlako emakumezkoak. Oyónek, “Women in Manufacturing” nazioarteko aditu taldeko buruak (11 herrialdetako 17 kide guztira), telematikoki parte hartu du asteazken honetan Como lakuan egin den World Manufacturing Forum jardunaldian.

 

Aditu Talde hori joan den ekainean hasi zen lanean eta bere baitan biltzen ditu nazioarteko erakunde garrantzitsuetako (OECD, UNIDO, Europako Batzordea, IPAG, EFFRA, IndustriAll) 6 kide,  akademiako 4 ordezkari  eta enpresa pribatuetako 7 ordezkari.

 

SPRI Taldeko zuzendaritza-karguak adierazi du Covid-19aren krisiak are gehiago larritu duela emakumearen egoera industrian. “Pandemiak erakutsi digu zein garrantzitsua den lanean jarraitzea genero-desoreka murrizteko haurren eta menpeko pertsonen zaintzaren erantzukizunean.

 

Oyónen esanetan, krisi sanitarioak agerian utzi du “beste era bateko lidergoa oso onuragarria izan daitekeela”, eta hala gizonek nola emakumeek “birpentsatu egin behar dituztela desiragarritzat eta eraginkortzat hartzen diren balioak, balio ekonomikoaz gain, gizarte eta ingurumen balioa sortuko duen eredu industrial berri bat eraikitzeko”.

 

Cristina Oyónek uste du industrian aurrera egiteko ezinbestekoa dela “emakumeak industrian sartzea, gora egitea eta lider bihurtzea”. Horretarako, baldintza egokiak sortu behar dira “errazago sar daitezen manufaktura industrian, eta batez ere eten digitala gainditu dadin”, funtsezkoa baita balio erantsi handiko industrian. Gai izan behar dugu manufaktura industria digital eta jasangarri berriaren erakargarritasuna erakusteko.

 

Bigarren gomendio bezala aipatu du baldintza hobeak sortu behar direla emakumeek gora egin dezaten manufaktura industriaren barruan, “lan-ingurune malgu, anitz eta berdinzaleagoak sortuz”. Eta, hirugarrenik, adierazi du baldintzak sortu behar direla emakumeak “lider izan daitezen industrian, albo batera utziz kristalezko sabaia ezartzen duten eta beren garapen profesionala eragozten duten hesiak”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Cristina Oyon