Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak ziurtatu du terrorismoaren amaiera “hatzen puntekin” ukitzen ari garela

2011.eko ekainak 13

Patxi López lehendakariak Donostiako Kursaalen Ramón Rubial 2010 Sarien bosgarren edizioa zuzendu du

Ramón Rubial sariak Ramón Rubial Fundazioaren Patronatuaren ustez 2010ean “askatasun, elkartasun, demokrazia eta tolerantzia handiagoaren bilaketan” nabarmendu diren pertsona eta erakundeei entregatzen zaizkie.  Eman duen hitzaldian, lehendakariak zorionak eman dizkie saritu guztiei terrorismoaren amaiera lortzeko egin duten lanagatik. “ETA garaituta dago, badaki-eta indarkeriaren bidez ez duela sekula ezer lortuko”, esan du. Lópezek ziurtatu du “berdintasunaren” alde borrokatzen “eta bizikidetza demokratikoa beste edozein nahiren gainetik finkatzen jarraitzeko garaia dela”.

Ekitaldian egin duen esku-hartzean Patxi López lehendakariak ziurtatu du azken hauteskundeen osteko egoeraren ondorioz “gainditutzat jotzen genituen irudiak, jokabideak eta aldarrikapenak berpizten” ari direla. Hori dela eta, “Gobernu sozialista inoiz baino beharrezkoagoa da”, erantsi du, “zatiketa eta liskarra” ekiditeko eta “herrialdea bateratzeko”, “Euskadi ezin baita gelditu, ezta etorkizunerako trena galdu ere”.

Donostiako Kursaalen gaur arratsaldean Ramón Rubial 2010 Sarien bosgarren edizioa egin da, eta ekitaldia Patxi López lehendakariak zuzendu du.

Sarituak
Elkartasuna eta Lankidetza kategoriako Ramón Rubial Fundazioaren saria Mugarik Gabek lortu du elkartasuna, baloreak, kultura-aniztasunaren aberastasuna eta ingurumena errespetatzen duen garapena sustatzeko eta justizia sozial unibertsala lortzeko egin duen lanagatik. 

Elkartasuna eta Lankidetza
kategoria horretan bertan, hil osteko sari bat eman zaio Pedro Fernándezi, bizitza osoan egin zuelako lan gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa lortzeko eta kolektiborik ahulenekiko izan zuen konpromisoagatik.

Berrikuntzaren arloko Ramón Rubial 2010 Saria Eduardo Anituak lortu du, zientziaren eta dibulgazioaren arloetan egin duen lanagatik eta ahoko eta aurpegi-masailetako inplantologian nahiz medikuntza birsortzailean egin duen ikerketa- eta garapen-lanagatik. Kategoria berean, sari bera lortu du Tecnaliak, bere berrikuntza eta lehiakortasunagatik eta gizartearen garapen zientifiko eta teknologikoari laguntzen diolako.

Urteko euskal enpresariaren saria Ángel Iglesiasek lortu du bere enpresa-ibilbideagatik eta gizartearen garapenarekiko duen konpromisoagatik.

Javier Conde
k urteko euskal kirolari saria lortu du, eta Ramón Rubial Fundazioak atleta horren etengabeko lana eta zailtasunak gainditzeko egin duen ahalegina aintzatetsi du, Euskadi eta Espainia mailan gehien ohoratutako ibilbideetako bat lortu du eta. Esparru horretan bertan, Richard Oribek ere Euskadiko urteko kirolari saria lortu du zailtasunak gainditzeko egin duen lana eta ahaleginagatik eta Euskadiko oinarriko kirola babestu duelako.

Kulturaren arloko Ramón Rubial Saria hil ostean entregatu zaio Juan Carlos Eguillorri, ilustratzaile, istoriogile, margolari eta grabatzaile gisa egin zuen lan bikainagatik.

Demokraziaren eta askatasunaren defentsaren saria indarkeria terroristaren biktima diren euskal zinegotziei eta Parvin Ardalani eman diete. Lehenengoei gure herri eta hiri guztietan demokrazia eta askatasuna defendatzeko etengabe borrokatu direlako. Ardalani, berriz, Iranen emakumeen eta gizonen eskubide-berdintasuna defendatzeko egin duen lanagatik eta diskriminazio guztiekin amaitzeko etengabe borrokatu izanagatik eman diote saria.

Azkenik, balore sozialisten defentsaren kategorian, José María Benegas, Txiki, izan da saritua berdintasunaren, elkartasunaren eta askatasunaren baloreak defendatzeko egin duen lan bikainagatik eta gizartearen zerbitzura etengabe egin duelako lan.

Saria Jon Alberdi artista basauriarraren jatorrizko eskultura bat da, ‘Atoiontzia Itsasadarrean’ izenburukoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)