Jesús María Guibelalde, José María Bergareche, Antton Suquía eta José Luis Larrañaga, Korta 2020 Sarien irabazleak

2020-11-11
  • Arantxa Tapia sailburuak lau enpresari irabazleei banatuko dizkie sariak
  • Enpresari gipuzkoarraren erailketaren ondoren, 2000. urtean sortu zituzten Joxe Mari Korta sariek ibilbide profesional luzeko pertsonek enpresa-munduan erakutsitako adorea saritzen dute

 Jesús María Guibelalde, José María Bergareche, Antton Suquía eta José Luis Larrañaga dira Korta 2020 Sarien irabazleak. Sari horiek, urtero,  Eusko Jaurlaritzak ematen ditu Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez.

Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioko eta Adegi, Cebek, Confebask eta Sea enpresa-elkarteetako ordezkariek osatutako eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia buru duen epaimahaiak azpimarratu du jarduera profesionala jorratu duten enpresa-sektoreetan sarituek erakutsitako konpromisoa, baita enpresa-baloreak garatzen, enpresak irekitzen, eta jarduera eta lanpostu berriak sortzen izan duten garrantzia ere. 

Arantxa Tapia sailburuak Gasteizen egingo den ekitaldi batean banatuko ditu sari horiek. Ekitaldia web-helbide honetan zuzenean ikusi ahal izango da: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/events/64708

Joxe Mari Korta Sariak 2000. urtean sortu ziren, euskal ekosistema ekonomikoaren buru diren eta beren inbertsioarekin eta lanarekin enplegua eta aberastasuna sortzen duten pertsonen ezaugarriak eta ahalegina jendaurrean saritzeko; izan ere, enplegua eta aberastasuna gizartearen onurarako elementuak dira.

Hautagaiak hiru lurralde historikoetako enpresa-elkarteek, merkataritza-erakundeek edo profesionalen elkargoek proposa ditzakete, bai eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak eta Euskadin egoitza duten enpresek ere.

Antton Suquía, langile nekaezina eta enpresaria 18 urte zituenetik

Antton Suquia 1939an jaio zen, Zaldibiako baserri batean. Bertan hasi zen lanean iturgin gisa; eta 18 urterekin bere enpresa sortu zuen. Bere izpiritu ekintzaileari esker, negozioa uren bilketara eta urbanizazioetara zabaldu zuen. Hala sortu zen, 1974an, Construcciones Sukia Eraikuntzak, familiaren etxearen behe-solairuan.

Anttonek dioenez, bere kontura lanean hasi zenean, ez zekien ondo norantz zihoan, baina argi zuen nola egin nahi zuen: kalitatezko lana eginez, enpresa etikaz eta zintzotasunez garatuz eta, beti, besteen aurretik.  

Europa osoan ibili zen azokak eta erakusketak bisitatzen, produktu berriak, makineria onena eta teknologia berriztatzailea bilatzen bere enpresan erabiltzeko.

Bere lehen obra garrantzitsuen artean azpimarratzekoak dira ura Bergarara, Ondarroara edo Elgoibarrera eramateko eta udalerri horiek hornitzeko lanak. Enpresa hazi egin zen eta obra zibilaren arloan sartu zen, N-1 errepidea bitan banatzeko lanetan edo Leitzarango Autobiaren eraikuntzan parte hartuz. Negozioa eraikuntzarekin lotutako jardueratara —aurrefabrikazioa, adibidez— zabaldu zen. Sektorean erreferente izatera helduz. Aldi berean, higiezinen sustapenaren esparruan pixkanaka hasi zen, eta horixe da, gaur egun, Sukiaren erreferentziako jarduera. San Bartolome Muinoaren berroneratzea, IFAMen eraikuntza Arrasaten, MUSTAD Tolosan, Boluetako dorrea Bilbon edo “La Cantera” izeneko eraikuntza Santurtzin dira jarduera horren adibide batzuk.

Antton Suquiak bertako enpresen arteko lankidetza sustatu du, garrantzi handiagoko erronkei aurre egiteko asmoz. Eta enpresan langileek parte hartzeko esparruan ere aitzindari izan zen.

José Luis Larrañaga, munduari begira bere jatorriari eutsiz

1945ean Azkoitian jaioa, José Luis Larrañaga Sarralle Taldearen bazkide fundatzaile da. Gaur egun, egoitza nagusia Azpeitian duen Sarrailek 100 milioi euro inguru fakturatzen ditu eta 500 langile baino gehiago ditu zazpi herrialdetan banatuta: India, Txina, Mexiko, EEBB, Aljeria, Arabiar Emirerri Batuak eta Italia.

Sarralle Siderurgia, Energia eta Ingurumeneko sektoreetan finkatuta dagoen talde bat da. Ekonomia zirkularrarentzako funtsezkoak diren dibisio horien aldeko apustu garbia egiten du Sarrailek bere 5 negozio-lineen bidez:   altzairu-galdategiko instalazioa, ijezketa, elaborazio-ildoak, Ingurumena eta energia, eta altzari metalikoak eta biltegiratze-sistemak.

Azpimarratzekoa da José Luis Larrañagak sortutako taldeak aurrera eramandako ekimena, euskal industria-ehunean erabakiak hartzerakoan eta zuzendaritzako postutan emakumeen presentzia eskasa orekatzeko.  SARRALLE GROW bekak etorkizunari begira emakume zuzendariak prestatzen laguntzeko sortu ziren, helburu horrekin beka jaso zuten bi profesionalei hainbat urtetan 1.000 euro banatuz.

Larrañaga Litaphar Laborategietako kontseilari eta presidente ere bada. Enpresa hori 90eko hamarkadan Sarralle taldetik sortu zen produktuak dibertsifikatzeko. Hasieran asmoa zen produktu generikoak merkaturatzea, baina, pixkanaka, orain dena bihurtu da, batez ere emakumeei zuzendutako medikamentuak ikertzen eta garatzen dituen enpresa bat.

Jesús Guibelalde, altzariaren diseinuaren eta fabrikazioaren modernizazioa

IMATeko gaur egungo CEO presidentea Legazpin jaio zen 1946an, eta bere ibilbide profesionala Papelera del Norte enpresak Hernanin duen fabrikako zuzendari komertzial eta esportazio-zuzendari gisa hasi zuen. 70eko hamarkadaren erdialdean Gasteizera joan zen eta IMAT enpresa sortu zuen, metalezko sehaskak egiten zituen Seaska enpresaren aurrien gainean. IMATek bat egiten du Mugimendu Moderno gisa ezagutzen den altzarien diseinua eta fabrikazioa modernizatzeko joera europarrarekin.

Produktu berriak sortzeko beharrak Jesús Guibelalderengan diseinatzaile gisa prestakuntza jasotzeko interesa eragin zuen. Hala, etxeko, bulegoko, instalazio eta beste hainbat esparrutarako hainbat modelo egiten hasi zen.

  1. urtean hasita, enpresak hainbat aireportutako itxaronguneetarako eserleku-sistema berriak sortu zituen. Eta produktu-gama horiek enpresaren industria- eta merkataritza-jarduera nagusi bihurtu ziren. Gaur egun, IMATek ospitaletarako, unibertsitatetarako, itsas geltokitarako eta tren geltokitarako eta, batez ere, aireportutarako eserlekuak diseinatzen ditu. Horri esker, bost kontinenteetan lan egiten du.

Guibelaldek lanean jarraitzen du familia-enpresaren lehendakari exekutibo postuan. Halaber, parte-hartze handia izan du SEA erakundean, Confebask-en sorkuntzan, eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberan, bi legealditan.

José María Bergareche, hasieratik Vocento taldeari lotuta

José María Bergareche Bilbon jaio zen 1949an. Enpresa Zientzietan eta Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta bere ibilbide profesionala Correo Taldean gauzatu du.

1975ean El Correo egunkariaren kudeatzailetzan hasi zen lanean. Gaur egun Vocento den Correo de Comunicación taldearen garapena sustatu zuen, zuzendari nagusi kontseilari eta kontseilari delegatu karguetatik.

Taller de Editores SA —El Semanal, MH Mujer de Hoy eta El Semanal TV gehigarrien argitaratzailea— enpresako presidente, Recoletos taldeko —beste hainbaten artean, Marca eta Expansión egunkarien argitaratzailea— presidenteorde, eta AEDE (Espainiako Egunkarien Argitaratzaileen Elkartea) erakundeko presidente izan zen. Sari garrantzitsuak jaso ditu, adibidez, Madrilgo Prentsa Elkarteak emandako Miguel Moya saria —2004ko lehen edizioan— eta “Emprendedor del año 2002” saria.

Gaur egun, El Diario Vasco egunkariko presidente, Diana Capital enpresako presidente, El Correo egunkariko kontseilari, Dominion-eko kontseilari, Banco Sabadell Guipuzcoano bankuko Iparraldeko zonako kontseilari aholku-emaile, Deusto Bussiness School-eko Kontseilu Aholku-emaileko kide, Fundación Vizcaína de Caridad, Residencia Conde de Aresti, Patronatuko kide eta EY-ko senior advisor da José María Bergareche.

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak