Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Badakit EAJk Bildurekin bat egin duela PSEri aurre egiteko”

2011.eko ekainak 13

Patxi López lehendakariak ziurtatu du EAJ-Bildu itunak udalerri batzuetan —Lasarten eta Trapagaranen, adibidez— “sozialistak kanporatzeko” helburua duela

Larunbatean “indar nazionalistek nazionalistak ez garenok kanporatzeko fronte bat osatu dutela ikusi genuen”, ziurtatu du Lópezek, eta horrek “Alderdi Sozialistaren kontrako fronte” bat dela esan nahi du. “Une honetan, batzuek 10 urte atzera egitea nahi dute, fronteen eta lubakien politikara itzultzea nahi dute; baina, jakina, Eusko Jaurlaritzan, udal batzuetan eta gizartean dugun ahalmenarekin, Euskadi guztion artean eraikitzen jarraituko dugu, eta ez batzuk besteen kontra”, erantsi du.

Lehendakariak azpimarratu du EAJk “uko egin diela egonkortasun-gobernuak lortzeko egin ditugun eskaintzei” eta estaldura eman diela “iraganera begira gobernatuko dutenei”, Bilduk abiadura handia, Pasaiako badia eta beste proiektu batzuen kontrako jarrera erakutsi duela-eta. Lehendakariaren ustez, "herri txiki batzuetan izan ezik, ia ez dago gehiengo absoluturik erakunde horietan gobernatu ahal izateko, EAJk ez duelako itunik egin nahi izan egonkortasuna eta leialtasun instituzionala lortzeko eta Euskadin garapen- eta aurrerapen-ikuspegia emateko”. “Eta orain Euskal Herrian aurrerapenak lortzea eragin lezakeen guztiaren kontra daudenen eskuetan gaude”, esan du.

Cadena SER irratiko “Hoy por Hoy” saioan egin duen elkarrizketan, lehendakariak Euskadiko egoera politikoaren errepasoa egin du, joan zen larunbatean udalak eratu zirela eta. Horrez gain, Patxi López Elorrioko (Bizkaia) gertaerei buruz mintzatu da.

Lehendakariak esan du ikusteko dagoela Bilduk “zertarako erabiliko duen” instituzioetan duen presentzia legala, hau da, “indarkeria babesten jarraitzeko edo demokratekin batera indarkeria desagerrarazteko lan egiteko”. “Guk ETAren aurreko adostasun-jarrera guztiak behin betiko baztertzeko eskatzen diegu, eta ETA iraganeko oroitzapen gaizto bat izatea lortzeko guztiokin lan egiteko”, azpimarratu du.

Elorrioko gertakariak
Elkarrizketa horretan, Lópezek larunbatean Elorrion (Bizkaia) gertatu zena izan du hizpide, PPko zinegotzi batek Bildu alderdiaren jarraitzaileen isekak eta jazarpena pairatu zituen eta. Lehendakariaren ustez, “argi dago iraganera itzuli galera, eta ez soilik han bizi izan zenagatik, baizik eta atzo bertan Bilduren ordezkariak luzamendutan ibili zirelako gai horren inguruan, gaitzespen hitza ezin dela tabu bat izan eta salbuespen bat zela esanez”. Horren harira, lehendakariak esan du “salbuespena izan nahiz ez, beharrezkoa dela jarrera hori gaitzesten, arbuiatzen eta ukatzen duen adieraztea” eta ezkerreko koalizio subiranistaren bozeramaileei “arreta deitu” behar diela “ez dadin berriz gertatu”. “Gertakariak negargarri samarrak iruditzen zaizkit, baita talde horrek eman duen erantzuna ere”, gehitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)