Eusko Jaurlaritzaren partaidetzapeko Elmubas enpresak instalazioak handituko ditu eta 145 enplegu baino gehiago sortuko ditu

2020-11-11
  • Pabiloi berriak 18.000 m2 gehiago izango ditu lanerako. Hortaz, Elmubasen produkzio-instalazioek, guztira, 55.000 m2 baino gehiagoko azalera izango dute
  • Eusko Jaurlaritza enpresaren kapitalean 2019an sartu zen, % 4,29ko partaidetzarekin, EZTEN Arrisku Kapitaleko Funtsaren bitartez, enpresak lurraldean zuen presentzia sendotzeko helburuarekin

Elmubas Ibérica Europan enpresa liderra da txakurrentzako eta katuentzako janari lehorra produzitzen eta komertzializatzen. Bere instalazioetan, egunero, 3 milioi maskota baino gehiago elikatzeko janaria produzitzen du. Enpresak, gainera, atzerrira begira lan egiten du bere produkzioaren % 65 esportatuz. 

EZTEN Arrisku Kapitaleko Funtsaren —SPRI taldeko partaide da— bitartez Eusko Jaurlaritzaren partaidetzapeko enpresa hau bere instalazioak handitzen ari da, aukera handiak ematen dituen merkatu batean hazteko helburuarekin. Gaur egungo fabrikaren alboan, Azpeitian eraikitzen ari diren pabiloi berriak lanerako beste 18.000 m2-ko azalera izango du. Hortaz, Elmubas enpresaren produkzio-instalazioek, guztira, 55.000 m2 baino gehiagoko azalera izango dute.

Gaur egun, Elmubasek 200 langile baino gehiago ditu, ingurune horretako ekonomia-jardueran inpaktu handia eraginez, Urola Kosta eskualdeko enpresa handienetako bat baita. Instalazio berriaren eraikuntzaren bitartez produkzio-ahalmena handituta, 2021eko apiriletik aurrera, 145 lanpostu zuzen berri sortzea aurreikusten da.  Aurreikusitako 48 milioi euroko inbertsioak eginez, 2024. urterako Elmubasek duen tamaina bikoiztuko du.

2019ko uztailean, Portobello Capital enpresa eta SPRI Taldeko EZTEN funtsa enpresa azpeitiarraren kapitalean sartu ziren, plan estrategikoa azkarrago gauzatzeko —pabiloi berria eraikiz beste urrats bat ematen du— eta lurraldean enpresaren errotzea sendotzeko honek behar zituen baliabidez hornitzeko. Plan horren oinarrien artean daude produkzio-ahalmenaren gehikuntza hau eta lanpostu berriak sortzea.

Azken urteetan SPRI Taldeak Elmubas enpresari emandako babesa teknologiako, industria-zibersegurtasuneko eta digitalizazioko programen bitartez ere gauzatu da.

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak