Berriak Osasuna

Itziar Larizgoitia izango da Osasun Publikoko Zuzendari berria

2020-11-10

Larizgoitiak hamarkada bat baino gehiago darama Osasunaren Mundu Erakundean (OME), mundu osoko osasun-zerbitzuak hobetzeko tresnen aholkularitzan eta diseinuan

 

Gobernu Kontseiluak, gaur, Itziar Larizgoitia Jauregui izendatu du Osasun Saileko Osasun Publikoko zuzendari, Gotzone Sagardui Sailburuak eskatuta.

Itziar Larizgoitiak medikuntzako karrera egin zuen, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Prebentzio-medikuntzako espezialitatea egin zuen eta Osasun Publikoko Masterra, Glasgowko Unibertsitatean; Osasun Publikoko eta Lehen Mailako Arretaren kalitatearen ebaluazioari buruzko Ikerketako doktoregaia da, John Hopkins Unibertsitatean, eta Enpresen Nazioarteko Kudeaketako masterra, Genevako Unibertsitatean.

Lanbide-karreran 30 urte baino gehiagoko esperientzia du osasun-erakunde eta -sistemetan. Esperientzia du pazientearen arreta medikoaren kalitatearen eta segurtasunaren hobekuntzan, osasun-erakundeen kudeaketa estrategikoan eta erabakiak hartzeari aplikatutako ikerketaren eta ebaluazioaren ekoizpena eta erabilera sustatzean.

Duela bost urtetik hona, Osasunaren Mundu Erakundean dago, OMEko zuzendari nagusiaren bulegoko ebaluatzaile seniorra baita. Aurretik, erakundean bertan, Pazientearen Segurtasunerako Ikerketa Programa zuzendu zuen, eta osasun-zerbitzuak ebaluatzeko tresnak eta osasun-teknologiak egiaztatu eta ebaluatzeko ekimenetarako tresnak diseinatu zituen. Era berean, zenbait gobernurekin egin du lan, osasun-politika publikoen diseinu estrategikoan.

Osasun Sailburuak azken urteotan eta orain arte Juan José Aurrekoetxea Osasun Publikoko zuzendariak egin duen funtsezko lana nabarmendu du; eskerrak eman dizkio bere lanbide-ibilbideagatik eta herrialdearekiko konpromisoagatik, funtsezko une honetan, COVID-19-aren pandemiaren sasoi honetan.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 10a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko