Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak eta udaltzaingoek 750 isun jarri dituzte asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

2020-11-10

Asteburu honetan Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 750 isun jarri dituzte koronabirusaren pandemiari aurre egiteko emandako osasun-arauak ez betetzeagatik.  Horien erdiak, zehazki 448, Lehendakariaren Dekretuetan ordutegietan eta lurraldean ezarritako murrizketei dagokienez, zirkulazio-askatasunaren eta gehienez seiko taldeetan elkartzeko muga ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburu honetan berriz egin dituzte kontrolak norbera bizi den herritik eta autonomia-erkidegotik justifikatu gabeko arrazoiengatik irtetea eragozteko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 448 isun jarri dituzte azaroaren 7an eta 8an, mugikortasunean ezarritako muga berriak urratzeagatik edo gehienez sei pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik. Horietatik, pertsonen gaueko zirkulazio-askatasuna mugatzen duen ordutegia ez errespetatzeagatik jarri dituzten 247 isunak nabarmendu behar dira. Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 217 isun jarri dituzte. Horiei gehitu behar zaizkie garraio publikoan edo pribatuan maskara ez janzteagatik jarri dituzten beste 12 isun.  Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 35 isun jarri baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, kalean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 160 isun Araban, 471 Bizkaian eta 119 Gipuzkoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak