Eusko Jaurlaritzak Nazio Batuetako biztanleriaren funtsa bultzatzen du, Bosnia eta Herzegovinan emakumeei zuzentzen zaien proiektu batean (Gobernu Bilera 2020-11-10)

2020-11-10

Eusko Jaurlaritzak Nazio Batuetako Biztanleriaren Funtsarekin (UNFPA) dihardu elkarlanean, Bosnian eta Herzegovinan errefuxiatuta dauden eta migratzaile diren emakume eta neskatoen genero-indarkeriari eta sexu- eta ugalketa-osasuneko beharrei heltzen dien proiektuan.

Zehazki, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak 140.000 euro bideratuko ditu espazio seguruak eman nahi dituen proiektu hau ezartzera; espazio horietan banako eta taldeko laguntza psikosoziala ematea da helburua. Bestalde, proiektuaren asmoa da genero-indarkeriako, sexu- eta ugalketa-osasuneko alderdiak aztertzea Una-Sana eta Sarajevo (Bosnia eta Herzegovina) kantoiko emakume eta neskato errefuxiatuetan eta migratzaileetan.

Lankidetza horrek une bakoitzean premiazko inplikazio humanitarioa behar duten egoeretan eta Europan nazioarteko babesa bilatzen duten pertsonek jasaten dituzten bidegabekerien inguruan arintasunez eta presaz erantzuteko Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen duen konpromiso proaktiboaren ekintza humanitarioaren ardatzari erantzuten dio. Konpromiso hori honako honetan datza: Nazio Batuek edo nazioarteko eta Europako beste erakunde batzuek errefuxiatuek bizi duten krisiarekin zerikusia duten larrialdi humanitarioko egoerak arintzen laguntzeko egiten dituzten deiak bultzatu eta haiei erantzutea, funtsen edo baliabideen ekarpenaren bidez edo sentsibilizazio-, zabalkunde- edo komunikazio-kanpainei atxikitzearen bidez.

Zenbat eta fluxu handiagoak, orduan eta arrisku gehiago

Babes-eskatzaileen fluxuaren eta Europara doazen migratzaileen fluxuaren gorakadak gatazketatik, jazarpenetik eta pobreziatik ihesean dabiltzan pertsonek bizi duten sufrimendu- eta indarkeria-maila altua erakutsi du. Larrialdiko egoera horietan, emakumeek eta neskatoek, sarritan, abusu eta isolamendu sexualarekin, fisikoarekin, psikologikoarekin eta emozionalarekin zerikusia duten erronka bereziak dituzte aurrez aurre. Aukera kulturalek, indarkeriagatiko beldurrak eta sexu- eta ugalketa-osasunaren eta genero-indarkeriaren arloan eskuragarri dauden zerbitzuetara nola jo ez jakiteak eragotzi egiten dute emakumeek tratamendu egokia jasotzea.

Egoera horretan, Nazio Batuetako Biztanleriaren Funtsak (UNFPA), Nazio Batuen agentzia espezializatuak –ugalketa-osasuneko programetan nazioarteko erakunde nagusia–, erantzun-programa bat jarri du abian, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu egiten du programa hori. Programaren helburuetako batzuk honako hauek dira, besteak beste: genero-indarkeriaren ebaluazioa jasotzeko ahalegina egitea, agintariei laguntza teknikoa ematea genero-indarkeriarako prozedura operatibo estandarrak garatzeko eta emakume eta neska errefuxiatu eta migratzaileentzako espazio seguruak ezartzea.

Gaur egun, UNFPA zerbitzuak ematen ari da emakume eta neska errefuxiatu eta migratzaileen lau zentrotan, Una-Sana eta Sarajevo (Bosnia eta Herzegovina) kantoian, eraginpean dauden biztanleei kalitateko zerbitzuak emateko. Nazio Batuetako Biztanleriaren Funtsak (UNFPA) laguntza bat eskatu du proiektua ezartzeko, eta Eusko Jaurlaritzak, lekualdatutako pertsonen harreran eta laguntzan zenbait modutara elkarlanean diharduela aintzat hartuta, horrela erantzun dio larrialdiko dei horri.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko