Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

116 111 telefonoaren zabalkundea sustatu du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak

2011.eko ekainak 10

  

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Haur eta Nerabeei laguntzeko 116111 telefonoaren zabalkundea indartuko du; horretarako, adingabeek parte hartzen duten ekitaldietan zerbitzuaren presentzia areagotuko du.

Lehenengo hitzordua datorren igandean izango da, ETBk Bilbon, haurrentzako Betizu programaren urteurrenean, egingo duen jaialdiaren barruan. Ospakizun horrekin bat egingo du Fernando Fantova Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburuordeak.

116111 telefono-zenbakia ETBko jai horretan egongo da, bi tailerren bitartez. Batean haurrek parte hartuko dute, eta bestean nerabeek. Biek informazio-material ugari izango dute doako zerbitzu konfidentzial horren funtzionamendu eta helburuei buruz; izan ere, adingabeei laguntzea du xede, arrisku- edo gatazka-egoeretan daudenean. Haur-tailerra puzgarri batez osatua egongo da. Puzgarri horretan 116111 zenbakiekin eskulan txiki bat egin beharko da, eta horrela haurrek zenbakia buruz ikasten joango dira. Nerabeen tailerrean, berriz, telefonoa erabiltzeko moduko zenbait egoera antzeztuko dira. Bestalde, jaia bideoz grabatuko da, eta Betizu programan emango da bi aldiz.

Haur eta Nerabeei laguntzeko telefonoa iazko urrian jarri zen abian, eta geroztik aurtengo apirilaren 30era arte 1.045 kontsulta jaso ditu; horien % 73 adingabeenak ziren. Haurrek telefonoa erabili dute kontsultak egiteko, ondoko gaiei buruz: harreman afektibo-sexualak (% 26,3), berdinen arteko harremanak (% 19,6), ondoeza emozionala (% 9,1), edo familia-harremanak (% 9,5). Telefono-zerbitzu hori helduei ere zuzenduta dago, baldin eta haur eta nerabeen eskubideak urratzen ari diren egoeraren baten berri badute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko