URAk Arratia ibaiaren ibaiertzeko zati bat lehengoratu du, Arteako Biteri zubiaren ondoan

2020-11-09

Uraren Euskal Agentziak (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikia) Arratia ibaiaren ibaiertzeko 52 metro leheneratu ditu Arteatik igarotzean, Areatzatik (Bizkaia) 200 metro iparraldera dagoen tarte batean, BI-3530 errepideari jarraituz Artearako norabidean, Biteriko zubitik ibaian gora metro gutxira.

Jarduketa material naturalak erabiliz egikaritu da;  hala nola, tokiko enbor eta landaketak, ibaiertza sendotzeko eta ibaiari dagokion landaredia berreskuratzeko.
Arratia ibaiaren ibilguak 3,5 eta 4,5 metro arteko sakonera eta 16 metro inguruko zabalera dituen ibilgua du tarte horretan, eta bi ertzetan ia bertikalak diren ezpondak zituen. Ibaiertzan higadura-zantzuak agerikoak ziren tarte osoan, ibaiertzeko landaredi-faltaren eta ur-lasterrak ibaiertzaren oinean zuen eraginaren ondorioz. Higadura hori bereziki nabaria zen Biteriko zubitik hurbilen zeuden 20 metroetan.

Ibaiertzaren egoera txarra leheneratzeko, 25 eta 30 cm arteko diametroa duten enborrak erabili dira, 52 metrotan lerrokatuta. Enborrak 2,23 eta 3,30 metro arteko altuera aldakorrekoak izan dira, eta ibaiaren ohantzearen gainetik gutxienez 0,75 metro ateratzeko moduan jarri dira.

Ondoren, piloteen pantaila hori legar naturalekin bete; legar horiek batzeko buztin-lurrekin trinkotu; eta ezponda etzana sortu da. Ezponda hori jutezko manta batekin estali da, eta ibaiertzeko espezie autoktonoak landatu dira, aldaxkak erabiliz.

Orain, lanok zati hori landatzen eta landareztatzen jarraitzen dute. Aldaxkak egiteko landare-materiala ingurutik jaso dira: sahatsak (Salix atrocinerea, Salix eleagnos eta Salix alba) eta zuhandorra (Cornus sanguinea). Aldaxkatik aurrera eta ezpondaren gailurreraino, haltzak (Alnus glutinosa), lizarrak (Fraxinus excelsior), hurritzak (Corylus avellana) eta elorri zuria (Crataegus monogyna) landatu dira.

Ibaiertz lehengoratu berria egonkortzeaz gain, ibaiertzeko landaredi naturala landatzeak aukera ematen du ibilgua itzalpetzeko eta ornogabeentzako eta arrain-faunarako mikrohabitat egokiak sortzeko, urlehortarren, ugaztunen eta hegaztien joan-etorriak errazteko edo uren kalitatea hobetzeko. 

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du. 

Argazkiak: https://www.flickr.com/photos/uraagentzia/albums/72157716811165566

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak