Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratzek euskal Lanbide Heziketaren azkenaldiko bilakaerari buruzko liburuaren aurkezpenean parte hartu du

2020-11-06
  • Euskadiko Lanbide Heziketak bertako ekoizpen-ehunarekin beti izan duen harreman estua nabarmendu du Hezkuntza sailburuak

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak UPV/EHUk argitaratutako "El modelo vasco de Formación Profesional: claves de su reciente evolución" liburuaren aurkezpenean parte hartu du gaur goizean (“Lanbide Heziketako euskal eredua: azkenaldiko bilakaeraren gakoak”). Sailburuarekin batera, aurkezpenean parte hartu dute Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Hilario Murua lanaren koordinatzaileak eta Iñaki Mujika Lanbide Heziketako sailburuorde ohi eta Tnikako zuzendari ohiak.

Lan berri hau Euskal Herriko Unibertsitateko Lanbide Heziketari buruzko Garaian ikerketa talde finkatuaren proiektu baten parte da. 2016an ekin zion lanari Creanovak proposatuta (Ezagutzaren eta Sormenezko Praktikaren Europako Sareak). Liburuaren egileak Hilario Murua (koord.), Jon Altuna, Paulí Davila, Ana Eizagirre eta Iñaki Zabaleta dira. Guztiak doktoreak dira UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean.

Enpresetako errealitateari lotua

Aurkezpenean, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek “gure herriaren historia hurbila ezagutzeko liburu interesgarri eta beharrezko” moduan aurkeztu du lan berria, eta Lanbide Heziketak gure herriaren bilakaerarekin, eta bereziki industriarekin, izan duen harreman estua nabarmendu du. “Euskadiren garapenari lotua egon den formazio motari buruz ari gara hizketan, gure industriaren alboan egon den heziketa bati buruz eta, nola ez, azken urteetako garapen ekonomiko eta sozialari lotua ageri zaigun prestakuntzari buruz. Duela urte asko, enpresek beharrezko ikusi zuten etorkizuneko langileak modu egokian prestatzea, unean uneko beharretara egokitzeko, eta lan-merkatuan une bakoitzean sortzen ziren erronkei aurre egin ahal izateko. Prestakuntza hori Lanbide Heziketak eskaintzen zuen, enpresekin elkarlanean. Agian ezaguna egingo zaizue heziketa Duala. Orduan ere dagoeneko bagenituen “Escuelas de Aprendices” esaten zitzaienak, nahiz eta “Dual” izen hori artean ez hartu”, azaldu du.

Baina atzo bezala, gaur egun eta etorkizunean ere, enpresek prestakuntza behar eta eskatzen dute, une bakoitzean sortzen ari diren errealitate berrien aurrean langileak prestatzeko. Eta horretan ari da Lanbide Heziketako euskal eredua. “Gaur egun enpresek beste eskakizun batzuei aurre egin beharra dute, beste behar batzuei erantzun beharra, merkatu erabat globalean euren espazioa defendatzen jarraitu ahal izateko. Egia da, errealitate berri hau aukera moduan ikusi behar dugula; aurrerapen teknologikoak aukera-esparru ugari zabaltzen ari dira, baina horrek aldi beran azken urteetan eskaintzen ari zenaz bestelako prestakuntza eskatzen du. Eta pozez esan dezaket halaxe ari garela egiten, eta oso ondo esango nuke gainera”, baieztatu du Bildarratzek. “Azken urteotan, Lanbide Heziketak lan handia egin du gure ikasleen prestakuntza-gaitasuna egokitzeko, Euskadiko ekoizpen-sarearen benetako beharrekin koordinatuta. Enpresek une bakoitzean zer profil profesional behar zuten esan behar ziguten eta, gero, Lanbide Heziketatik, ohiko prestakuntza mota aldatu eta estrategia berri bat diseinatu behar genuen”.

Bildarratzek azaldu du, aurreko arrazoi horregatik hain zuzen ere, legegintzaldi honetan Euskadiko Lanbide Heziketaren lidergoa finkatzeko urrats berriak egiten jarraituko duela Hezkuntza Sailak: Lanbide Heziketako Euskal Legea zein Lanbide Heziketako V. Euskal Plana garatuz (biak ere aurreko legegintzaldian onartutakoak), baina batez ere VI. Plana diseinatuz eta onartuz.

Legegintzaldi berrirako Lanbide Heziketaren helburuen artean, honako hauek nabarmendu ditu sailburuak: alde batetik, Lanbide Heziketa Duala sustatzen jarraitzea, legealdi honetan zehar Lanbide Heziketako arlo industrialeko ikasleen %50ek baino gehiagok prestakuntza duala jasotzeko helburuarekin; eta, bestetik, euskal enpresen egunerokoan zuzenean inplikatzen jarraitzea, erronka gisa legegintzaldi honetan 3.000 enpresa txiki eta ertaini aholkularitza zuzena ematea harturik, euren berrikuntza-prozesuetan laguntza eskainiz.

44.700 ikasletik gora

Bildarratzek 2020-2021 ikasturtean Euskadiko Lanbide Heziketan matrikulazioak utzi dituen daturik esanguratsuenak ere azpimarratu ditu, "oso datu positiboak", Euskadin Lanbide Heziketaren aldeko apustuak gora egiten jarraitzen duela erakusten dutenak:

  • Joan den urriko matrikulazio-epea amaituta, matrikulazioa %4,16 igo da aurreko ikasturtearekin alderatuta, 44.700 ikasletik gorako kopurura iritsita.
  • Ziklo industrialetako matrikulazioetan igoera handia izan da, % 11,89 igo baita iazko datuekin alderatuta.
  • Industria-arloaren barruan, matrikulatutako nesken kopuruak ere gora egin du. Ikasturte honetan, neskak industria-zikloetako ikasle guztien %12,18 dira, baina %19,57 igo da nesken kopurua aurreko ikasturtearekin alderatuta.

Ildo horretan, industria eta ziklo industrialak neskei hurbiltzeko lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du Hezkuntza sailburuak.

Amaitzeko, Euskadiko Lanbide Heziketak duen osasun bikaina azpimarratu du.” Gure ikasleei oso prestakuntza ona eskaintzen ari gara, enpresetako errealitateari erabat lotua. Munduan erreferente izaten jarraitzen dugu, Europako Batzordeak gure politikak babesten ditu, eta hainbat arlotan erreferentetzat gauzka. Eta hori guztia posible da, Lanbide Heziketako irakasle eta zuzendaritza taldeei esker, baina baita gure aurrekoei esker ere, urteetan kalitatezko Lanbide Heziketa eskaintzeko borrokatu den jende horri guztiari, gaur aurkeztu dugun lan garrantzitsu honetan jasota dauden protagonistei”, amaitu du.

“El modelo vasco de Formación Profesional: claves de su reciente evolución”

UPV/EHUk argitaratu duen liburuak Lanbide Heziketako euskal ereduak izan den bilakaera jasotzen du. Euskadiren Lanbide Heziketarekiko interesak bide luzea egin du XIX. mendeko lehen Arte eta Ofizio Eskolak ireki zirenetik gaur egunera arte. Interes hori helburu beraren inguruan egituratu diren elementu batzuen ondorioa da: sektore ekonomiko-industrialak ikusi du Lanbide Heziketak bere beharrei erantzuten ziela, eta hezkuntza sektoreak ikusi du ikasgelak eta tailerrak bete egiten direla ofizio edo lanbide bat ikasi nahi duten ikasleekin. Ibilbide horretan hainbat eragilek hartu dute parte, hala nola elizak, enpresek, administrazioek (estatukoa, autonomikoa eta tokikoa) edo sindikatuek, besteak beste.

2 iruzkin
  • 2020-11-06

    Gutxieneko kotizazio autonomoa aztertzea, orduak eta egunak, baldin eta, gainera, lan-sektore jakinetan ezin badira bestela egin eskaintzarik eta ohikotasunik ezean, egoera kritikoaren arabera oso baliotsua izan daitekeen denbora kontsumitzen badu.

  • 2020-11-06

    Estudiar cotización autónoma mínimo horas y días cuando además en sectores trabajos puntuales no se pudieran efectuar de otra forma a falta de oferta y habitualidad consume tiempo que puede ser muy valioso según situación crítica.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak