
CIC energiGUNE inauguratu da, energia metatzeko lehen zentro zientifikoa
Zentro berri honek energia sektorerako estrategikoa den gai horretan erreferente izan nahi du nazioartean
CIC enegiGUNE energia era elektrokimikoan eta termikoan metatzeari begira egingo du lana, energia iturri berriztagarrien garapen erabatekoa lortzeko funtsezkoa dena. Horretarako, espezializazio handiko 13 laborategi izango ditu. Miñaoko Parke Teknologikoan den eraikinean, hari lotutako instalazioetan eta laborategietako ekipamendu zientifikoan 12 milioi euroko inbertsioa egin da. Energiari lotutako zenbait gaietan espezialistek eta nazioartean goi-mailako adituek parte hartuko dute proiektuan, haien batzorde zientifikoen bidez.
CIC (Ikerketa Kooperatiborako Zentroa) berri hori, funtsean, I+G+b esparruan erakunde publikoak eta pribatuak egiten ari diren ahaleginen bilgune izango da, nazioartean oso lehiakorra den energiaren inguruko sektore produktiboak garatua eta Euskadin garrantzi handiko jarduera dena. CICen dauden instalazio berriak elkarri lotutako eraikin modularrez osatuta daude, 4.500 metro koadroko azaleran eraikiak. Eraikin horietatik ia erdia laborategiak dira; zehazki, 13 eraikin. Azpiegitura horrek eta bere ekipamenduak 12 milioi eurotik gorako inbertsioa eskatu dute. Hasiera baten, Energia Elektrokimikoa Metatzeko Unitatea eta Energia Termikoa Metatzeko Unitatea daude eraikita, punta-puntako plataforma teknologiko multzo batez lagundurik, ikerkuntza jarduerari sendotasun eta laguntza emateko asmoz (mikroskopia elektronikoaren plataforma, azaleren azterketak egiteko unitatea eta X izpien difraktometriaren plataforma).
Patxi López lehendakariak CIC EnergiGUNEren instalazioak inauguratu diru gaur goizean, Miñaoko Parke Teknologikoan. Inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Mikel Cabieces, Gobernuko ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoan; Juan Tomás Hernani, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Berrikuntzako idazkari nagusia; Bernabé Unda, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua eta José Ignacio Hormaeche, CIC energiGUNEko presidentea eta Energiaren Euskal Erakundeko kontseilari-zuzendari nagusia. Horietaz gain, gonbidatu gisa, Euskadiko enpresaburu, politikari eta ikerketa zentroko arduradun nagusiak ere izan dira.
CIC azpiegituretan 110 lanpostu sortuko dira; horietatik 100 ikerlari izango dira. Azpiegituren eraikuntzaren diseinuan malgutasun eta eskala irizpideak izan dira nagusi, etorkizunean zentroa eta berari lotutako laborategiak handituko direla aurreikusten baita. Horrekin batera, energia-eraginkortasuna, ingurumen eta paisaia inpaktua gutxitzea eta lanean erosoa jarduteko baldintza egokiak ere kontuan hartu dira CIC hori egiterakoan, Miñaoko Parke Teknologikoan kokatu den azken eraikina eraikitzerakoan.
CIC EnergiGUNEren xede nagusia da nazioartean erreferente bihurtzea energia metatzeko teknologien alorrean; industria eta ingeniaritza enpresa ugari duen alorrean, hain juxtu ere. Era horretan, Euskadiren lehiakortasun industriala sendotzen lagunduko da. Hala, ikerkuntza zentroak honako helburu hauek lortu nahi ditu:
- Talentua bereganatzea eta garatzea.
- Azpiegitura berritzaileak sustatzea.
- Elektrizitatea sortzeko era berrien bilaketan sakontzeari begira, ikuspegi multidisziplinarioa bultzatzea.
- Euskadin energiaren alorrean diharduten eragile guztien ahaleginak koordinatzea eta haien gaitasunak hobetzea.
- Nazioarteko bikaintasun sareetan presentzia izatea eta haiekin lankidetzan aritzea.
- Unibertsitateekin eta ikerketa zentroekin batera transferentzia proiektuak garatzea eta lankidetzan jardutea.
Energia metatzearen erronka
Lehen fase batean, CICen zeregin edo ahalegin handiena energiaren metatzean kokatutako da; zehazki, elektrokimika eta termiko eran metatua, gaurkotasun handia duten bi erronka teknologiko garrantzitsuak. Izan ere, energia metatu ahal izatea funtsezkoa da energia berriztagarriek garapen erabatekoa edukitzeko; batez ere, eolikoa eta eguzki-energia, produkzioaren aldizkakotasun eta gorabeheren menpe baitaude. Hori horrela, bi jarduera-ildo nagusi hauek identifikatu dira: batetik, energia elektrokimikoaren metatzea, bateria aurreratuen eta super-kondentsadoreen bidez; eta bestetik, goi tenperaturako energia termikoaren metatzea (fase-aldaketaren materialak eta erreakzio termokimikoak).
Dagoeneko abian dira ikerkuntzari lotutako bi lankidetza egitasmo, aplikazio geldikor eta berriztagarriei zuzenduak (energia berriztagarriak sarera bideratzea, azpiestazioetan laguntzea, urrutiko aginduen bidezko aplikazioak…). Horretaz gain, energia termikoaren inguruko proiektu batzuk ere martxan jarri dira; horietako bat EBko VII. Esparru Programan aurkeztu dena. Bestetik, CIC EnergiGUNEk antolatua, datorren ekainaren 16an, energia termikoaren metatzeari buruzko jardunaldi bat izango da, ikerketa alor horretan aditu nagusiak bilduko dituen jardunaldia, hain zuzen ere.
Nabarmentzekoa da, beste alde batetik, nazioartean energiarekin zerikusia duten zenbait gaietan espezializatutako punta-puntako adituen presentzia CIC EnergiGUNE egitasmoan, bi batzorde zientifikoren bitartez. Energia termikoaren metatzearen inguruko batzordean hauexek daude: Michael Epstein (Israelgo Eguzki Energia Ikertzeko Unitateko zuzendaria, WIS), Greg Glatzmaier (AEBetako Energia Berriztagarria Laborategi Nazionaleko arduraduna, NREL), Rainer Tamme (Alemaniako Zentro Aeroespazialeko Termodinamika Institutuko kidea, DLR), Manuel Tello (UPV-EHUko Fisika irakaslea, Industria sailburuorde ohia, ikerkuntza egitasmo ugarietako arduraduna eta Europar Batasuneko aholkularia) eta Eduardo Zarza (Plataforma Solar Almeríako CSPen Ikerkuntza Unitateko arduraduna, CIEMAT-eko menpeko erakundea). Bestetik, baterien eta super-eroalen batzordea dugu, Teófilo Rojok (UPV-EHUko Kiímika Inorganikoa irakaslea) eta Liya Wang-ek (A123 Systems enpresan aritua, Tecnologías Emergentes Saileko zuzendaria izandakoa) zuzentzen dutena; batzorde horretako kideak hauexek dira: John Kilner (Imperial College, Londres), Imre Gyuk (AEBetako Energia Saila), Ander Laresgoiti (Ikerlaneko Energia Unitateko zuzendaria), Jean Marie Tarascón (Picardie-Amiens-eko Unibertsitateko irakaslea), Hisashi Tsukamoto (Quallion LLC enpresako teknologia arduraduna) eta Steven Visco (Lawrence Berkeley National Laboratory-ko Materialen Zientzia Unitateko ikertzaile nagusia).
Patronatua
CIC EnergiGuNE Patronatua Euskadin diharduten erakunde pribatuek eta publikoek osatzen dute, energiaren alorrean eragile garrantzitsuak eta erreferentzialak direnak estatuan nahiz nazioartean. Eusko Jaurlaritzarekin, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez, eta Arabako Foru Aldundiarekin batera, Patronatua osatzen duten erakunde eta enpresak hauexek dira: Euskadiko Energia Klusterra, IK4 eta Tecnalia zentro teknologikoak, Mondragon Korporazioa eta Iberdrola, Sener, Idom, Cegasa, Gamesa, Guascor eta Naturgas enpresak.
CIC EnergiGUNE, Jesús María Goiriren zuzendaritzapean, Euskadin potentzia elektronika, energia sorkuntza eta banaketa edo eguzki-sorkuntza termoelektrikoari lotutako jardueren barruan kokatzen den garrantzi handiko industria alorrarekin lankidetza estuan aritzeko asmo sendoarekin jartzen da abian.
Euskal Autonomia Erkidegoko CIC sare osoaren ekimena eta ahalegina baliatu eta hura osatzen duten guztiekin elkarlanean aritu nahi du CIC EnergiGUNEk. CIC horiek hauexek dira: CIC Biogune (biozientziak), CIC Microgune (mikroteknologiak), CIC Biomagune (biomaterialak), CIC Tourgune (turismoa eta mugikortasuna), CIC Margune (fabrikazio teknologiak) eta CIC Nanogune (nanozientzia). Era berean, energiaren ikerkuntzaren alorrean ari diren unibertsitateetako sailen eta zentro teknologikoen ahaleginak sendotzen lagundu nahi du CIC EnergGUNEk.