Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak areagotu egingo ditu prebentzio eta zaintza neurriak istilu negazionistak eragozteko

2020-11-06

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuordearekin eta Ertzaintzaren zuzendariarekin eta polizia-buruekin elkartu da

Ertzaintza, udaltzaingoekin elkarlanean, prebentzio eta zaintza neurriak indartzen ari da manifestazio negazionisten ondorioz istiluak sortzea eragozteko. Horrez gainera, asteburuan berriz ere kontrol gehiago ezarriko dira errepideetan, Euskadin mugikortasuna murrizteko indarrean dauden neurriak betetzen direla bermatzeko.

2020ko azaroak 06

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordearekin, Rodrigo Gartzia Ertzaintzaren zuzendariarekin, Josu Bujanda Ertzaintzaren buruarekin eta Jon Ziarsolo Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiko buruarekin elkartu da manifestazio negazionisten ondorioz istiluak sortzea eragotziko duten prebentzio eta zaintza neurriak aztertzeko.

Ertzaintzaren lehentasunetako bat da alarma-egoera aldarrikatu izanaren ondorioz lehendakariak ezarritako prebentzio-neurri zehatzen aurka negazionistek deitutako elkarretaratzeen ondorioz istiluak sortzeari aurrea hartzea. Horretarako, Euskadin joan den astean bortizkeria handiz agertu zen delitu-fenomeno hori aztertzen ari da. Istilurik handienak Bilbon, Gasteizen eta Arrasaten sortu ziren, eta kalte material larriak eragin zituzten eta 15 pertsona atxilotu eta beste 35 identifikatu zituzten. Gertaerei buruzko polizia-ikerketa zabalik dago oraindik, istilu horietan inplikatutako pertsona gehiago atxilotu edo ikertu ahal izateko. Berez, Gasteizko Udaltzaingoak beste sei pertsonari abiarazi dizkie polizia-eginbideak desordena publikoengatik eta kalteengatik aste honetan zehar, eta horietako bat adingabea da.

Inteligentzia-zerbitzuen analisian oinarrituta, Ertzaintza, udaltzaingoekin elkarlanean, zaintza-dispositibo bereziak ezartzen ari da era horretako elkarretaratzeetan ekintza bortitzak hautemateko eta saihesteko. Portaera horien aurka epaitegietan ezar daitezkeen ekintzez gainera, halako jokabideak isun handiekin ere zigor daitezke.

Trafiko-kontrolak

Bestalde, Ertzaintzak eta udaltzaingoek, koordinatuta, berriz areagotuko dituzte asteburu honetan errepideetako kontrolak, mugikortasuna murrizteko ezarritako neurri berriak betetzen diren zaintzeko. Didaktikoa izan den lehenengo fasearen ondoren, gaur, ostirala, lehenengo isunak jartzen hasiko dira. Mugikortasuna kontrolatzeaz gainera, polizia-baliabideek maskarak ongi erabiltzen diren, jende multzoak gehienez ere sei pertsonakoak diren eta gainerako osasun-neurriak betetzen diren zaintzen jarraituko dute.

Polizia-zaintzaren bidez alarma-egoera ezarriz Euskadin aplikatzekoa den araudi berria betetzen dela bermatu nahi da.

Salaketen balantzea

Osasuneko sailburuaren lehen agindua ekainaren 15ean argitaratu zenetik, atzo arte (azaroak 5, osteguna) guztira 20.797 isun jarri dituzte koronabirusaren pandemiaren aurka borroka egiteko ezarritako osasun-arauak urratzeagatik. Horietatik 626, lehendakariaren dekretuan ordutegietan eta lurraldean ezarritako murrizketak ez betetzeagatik jarri dituzte.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 14.207 isun jarri dituzte. Horiei gehitu behar zaizkie garraio publikoan edo pribatuan maskara ez janzteagatik jarri dituzten beste 669 isun. 

Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 2.752 jarri baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak kalean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta beste batzuk dira.

 Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 3.535 isun Araban, 11.742 Bizkaian eta 5.520 Gipuzkoan.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Josu Bujanda; Jon Ziarsolo