Berriak Hezkuntza

Euskadik 9,3 milioi euroko ERC laguntza eskuratu du, unibertsoaren jatorriaz ikertzeko

2020-11-05
  • DIPC, UPV/EHU eta Ikerbasqueko ikertzaileek, Harvardeko Unibertsitatearen partaidetzaz, Euskadiko lehenengo ERC Synergy lortu dute, ia 10 milioi euroko laguntza tarteko.
  • Synergy-2020 NEXT-BOLD proiektuaren bitartez, neutrinoa bere antipartikula ere ote den egiaztatu nahi da, unibertsoaren jatorriari buruzko funtsezko galderei erantzunez.
  • Hauxe da munduan ematen den ikerkuntza arloko laguntzarik garrantzitsuenetakoa. Abangoardiako ikerketa aitzindariak sustatzea du helburu, jakintza-arlo desberdinen arteko sinergiak sortuz.

Europako Batzordeak 2007an Europako Ikerketa Kontseilua sortu zuen (ERC, ingelesezko siglen arabera), Europan bikaintasunezko oinarrizko zientzia sustatzeko asmoz, eta horretarako, laguntza ematen die ezagutzaren mugetan ikertzen jarraitu nahi duten edozein esparru eta nazionalitatetako ikertzailerik onenei. ERCk arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten prestigio handiko proiektuak finantzatzen ditu. Sortu zenez geroztik, ERCk eragin handia izan du Europako ikerketaren esparruan.

Europako Ikerketa Kontseiluak ematen dituen laguntza guztietatik, ERC Synergy deritzenak dira lehiakorrenak, % 10etik beherako arrakasta-tasarekin. Ikertzaile nagusiek eta hauen lantaldeek osatutako multzo txikiari ikerketa-erronka handiei aurre egiteko gaitasunak, ezaguerak eta baliabide osagarriak biltzeko aukera erraztea da laguntza hauen helburua.

Synergy-2020 NEXT-BOLD proiektua honako hauei egokitu zaie: Juan José Gómez Cadenas, Donostia International Physics Centerren (DIPC) lanean diharduen Ikerbasqueko ikertzailea; Fernando Cossio, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Kimikako katedraduna eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa, eta Roxanne Guenette, Harvardeko Unibertsitateko Fisikako irakasle laguntzailea. Proiektuak 9,3 milioi euroko aurrekontua du, eta 6 urteko iraupena. Hauxe da euskal erakundeek lortu duten tamaina honetako lehenengo proiektua da, izan ere, proiektuan Harvardek parte-hartze handia duen arren, Euskadin sortua da eta Euskadin koordinatu eta gauzatuko da nagusiki, DIPCn eta UPV/EHUn alegia.

Fernando Cossiok adierazi duenez, “zientzian zailena galdera handi bat egitea da, galdera zaila baina erantzunezina ez dena”. Horren harira, Juan Jose Gomez Cadenasek argi utzi du “niretzat, arras positiboak diren bi alderdi biltzen dituela: alde batetik, ERC Synergy bat lortzeak beharrezko baliabideak erraztuko dizkit nire ibilbideko erronka zientifikorik garrantzitsuenari aurre egiteko, eta bestetik, Euskadin Fernando Cossiorekin batera diziplinarteko ildo berri bat ezartzeko aukera sendoa emango digu. Fernando eta biok osatu dugun taldea, nola edo hala, Elhuyar anaiekin lotuta dagoen sentsazio bitxia dut. Zorte ona baldin badugu, haiena bezain aurkikuntza garrantzitsua egin ahal izango dugu”.

Synergy-2020 NEXT-BOLD proiektua

Leibnitz filosofo eta matematikariaren esanetan, hauxe da galdera nagusia: Zergatik dago zerbait ezerezaren ordez? Egun, galdera hori modu zehatzagoan egiten da: Zergatik dago materiaz eginda gure unibertsoa? Zergatik existitzen da dena ezagutzen dugun bezalaxe? Horrek guztiak partikulen fisikan eta kimikan oro har ebatzi gabe dagoen problemarik garrantzitsuenetako bat dakarkigu: neutrinoaren izaerarena, izan ere, bere antipartikula ere izan liteke, duela ia mende bat Ettore Majorana zorigaiztoko jeinu italiarrak iragarri zuen bezalaxe. Hori horrela balitz, materiaren eta antimateriaren arteko asimetria kosmiko misteriotsua argitzeko aukera egongo litzateke.

Jakin badakigu unibertsoa ia-ia osorik materiaz eginda dagoela. Hala ere, Big Bangaren teoriaren arabera, jatorrizko unibertsoak materiazko zein antimateriazko partikula kopuru bertsua zuen. Hau bat dator CERNeko (Conseil Européen pour la Recherche Nucléaire) LHC (Large Hadron Collider) azeleragailu erraldoiko protoi talketan sortutako “Big Bang txikiekin”, izan ere, partikulen eta antipartikulen ekoizpen simetrikoa egiaztatu da une oro. Hortaz, non gelditu zen unibertso goiztiarreko antimateria? Balizko mekanismo bati jarraiki, litekeena da neutrino astunak egotea eta neutrinoak beraien antipartikulak ere izatea, materia zein antimateria bezala desintegratzeko aukerarekin. Horrela, unibertsoko materia eta antimateria guztiak elkar suntsitu ondoren (materiaren soberakin txiki bat izan ezik), emaitza materiaren soberakinez edota Big Bangaren hondakinez osatutako egungo kosmosa litzateke. Gure unibertsoa hondoratze kosmiko baten hondarrez osatuta dagoela esan genezake.

Aisa asko froga daiteke neutrinoa partikula eta antipartikula dela, neutrinorik gabeko beta bikoitzeko desintegrazioa deritzon prozesu nuklear bitxi baten bitartez. Prozesu hau Xenon-136 eta beste zenbait isotopo arrarotan gerta daiteke. Gómez Cadenasek Canfranc-eko lurpeko laborategian zuzentzen duen NEXT esperimentuak desintegrazio horiek aurkitze du helburu, presio handiko gas-ganberak erabiliz.

Orain arte, desintegrazioan sortutako bi elektroiek igortzen duten seinale berezia behatzea zen NEXT esperimentuaren ardatza, baina seinale hori oso ahula da, hondoko zaratarekin nahasteko modukoa, nonahi dagoen erradioaktibitate naturalaren ondorioz. Alabaina, bi elektroi horiek ikusteaz gain, barioaren atomo ionizatua ere detektatuko balitz, horixe baita xenoiaren desintegrazioaren produktuetako bat, aurkitu nahian gabiltzan seinalea lortuko genuke, neutrinoa partikula eta partikula dela egiaztatzen duen froga esperimentala.

Horixe da, hain zuzen ere, NEXT esperimentuaren erronka, barioaren atomo hori identifikatzea, oraintsu arte ezinezkotzat jotzen bazen ere. Ildo horretan, Fernando Cossiok eta Juan José Gómez Cadenasek Nature aldizkari ospetsuan argitaratu berri duten elkarlan batean frogatu dutenez, barioaren atomoa molekula batekin harrapa daiteke, multzo supramolekular bat eratuz, eta gertaera hori izango litzateke bila dabiltzan seinalea.

NEXT detektagailuaren belaunaldi berri bat diseinatu, garatu eta eraikitzea da Synergy-2020 NEXT-BOLD proiektuaren helburua, adierazle molekular fluoreszente batean eta mikroskopia-teknika aurreratuetan oinarrituta, barioaren ioia behatu ahal izateko. Esperimentu honek neutrinoa bere antipartikula dela egiaztatzeko gaitasun handia izango luke, unibertsoaren jatorriari buruzko funtsezko galderei erantzunez.

 

Informazio gehiago:

Ikerbasque - Zientziarako Euskal Fundazioa

IKERBASQUE, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, mundu osoko ikertzaile bikainak erakarriz, berreskuratuz eta finkatuz, ikerketa zientifikoa indartzearen alde abiarazitako ekimen baten emaitza da.

https://www.ikerbasque.net

Donostia International Physics Center (DIPC)

Fisikako eta antzeko diziplinetako abangoardiako ikerketa egitea eta katalizatzea da DIPC ikerketa-zentroaren helburua, gizarteari kultura zientifikoa helarazteaz gain. Donostian kokatua, DIPC erakunde publikoen eta enpresa pribatuen arteko aliantza estrategikotik sortua da. 2008az geroztik, DIPC Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren 'Basque Excellence Research Center' (BERC) deritzen zentroetako bat da, eta berrikitan, 2019an, “Severo Ochoa” Bikaintasun Zentro izendatu du Espainiako Ikerketa Agentziak.

http://dipc.ehu.eus

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitatea dugu Euskadiko goi-mailako irakaskuntzako erakunde nagusia da, eta Espainiako garrantzitsuenetakoa, irakaskuntza arloko emaitzetan, ikerketan, berrikuntzan nahiz garapen teknologikoan lortutako kopuru handiei erreparatuta. Egun, munduko 400 unibertsitate onenen artean dago, Shanghaiko sailkapenaren arabera. UPV/EHU Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde guztietan finkatuta dago. Unibertsitate publikoa da, ikertzeko bokazioa duena, euskal kulturan errotua baina mundura irekia, eta lidergo intelektual garrantzitsua garatu du txertatuta dagoen gizartean, konpromiso etiko eta sozial argiari oratuta. Hiru campus, hogei ikastegi eta graduko nahiz graduondoko eskaintza akademiko zabala dira bere erreferentzia akademikorik nabarmenenak. Egunero, 50.000 pertsona baino gehiago joaten dira unibertsitate honetara: ikasleak, irakasleak eta ikerketa zein kudeaketa arloetako langileak. UPV/EHUk Hezkuntza Ministerioak emandako Nazioarteko Bikaintasun Campusaren kalifikazioa lortu du, ebaluazio independente baten ondorioz, eta Bordeleko Unibertsitatea, DIPC eta Tecnaliarekin batera, Europan parekorik ez duen mugaz gaindiko campusa bultzatu du.

https://www.ehu.eus

Harvard University, AEB

1636an sortua, Harvardeko Unibertsitatea dugu goi-mailako irakaskuntzan diharduen Estatu Batuetako erakunderik zaharrena. Munduko unibertsitaterik eraginkorrenetakoa da eta lehenengo postuan kokatuta dago Shanghaiko Munduko Unibertsitateen Sailkapen Akademikoan. Harvardek bikaintasunezko irakaskuntza, ikaskuntza eta ikerkuntza ditu ardatz, eta mundo mailako bereizketa markatzen duten hainbat diziplinatako liderrak trebatzen ditu. Cambridgen eta Bostonen (Massachusetts) egoitzak dituen Unibertsitate honek 20.000 ikasletik gorako matrikulazioa du, graduko, graduondoko zein ikasketa profesionaletako ikasleak barne hartuta. Komunitate akademikoa 2.400 bazkidek eta afiliatutako irakaskuntza-ospitaletan banatutako 10.400dik gora lanpostu akademikok osatzen dute. Harvardeko komunitate akademikoak lortutako ohoreen artean, 49 Nobel saridun, 32 estatuburu eta Pulitzer sariaren 48 irabazle aipa daitezke.

https://www.harvard.edu

Iruzkin bat
  • @agrupacionio
    2020-11-09

    Comentario de Twitter:
    Euskadi obtiene una ayuda ERC de 9,3 millones de euros para investigar sobre el origen del universo https://t.co/x6mRr9XNyh

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak