Berriak Osasuna
qrcode

Euskadi, Europa mailan, buru da JADECARE Baterako Ekintzan; bertan, Europako 17 herrialdetako 48 erakundek parte hartzen dute

2020-11-02

Azaroaren 2an, 3an eta 4an, JADECARE Baterako Ekintzaren hasieraren bilera egingo da, telematikoki. María Aguirre Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak ongi etorria emango die ekitaldira bertaratzen direnei, Pilar Aparicio Osasun Ministerioko Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiko zuzendariarekin eta Donata Meroni CHAFEAko Osasunaren eta Elikadura Segurtasunaren Unitateko buruarekin batera.

JADECARE Baterako Ekintza Europar Batasunaren Hirugarren Osasun Programaren (2014-2020) bidez finantzatzen da, eta Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Zentroak koordinatzen du. Baterako Ekintzak estatu kideek eta Europako Batzordeak elkarrekin finantzatzen dituzte, eta helburua da estatu kideen arteko elkarlanerako bide ematea, emaitza ona izan duten osasun publikoko gaiei buruzko jardunbide egokiak jaso eta partekatzean.

JADECAREk soluzio digitalen bidez pertsonan zentratzen den arreta integralaren ezarpenari heltzen dio. Baterako Ekintzan, lau jardunbide egoki eraman nahi dira Europako 23 osasun-testuingurutara. Lau jardunbide horiek estatu kideek hautatu zituzten, 2019ko otsailean egin zen “Steering Group on Promotion and Prevention” ekimenean, Europako Batzordeak 2018ko abenduan Ispran (Italia) antolatu zuen “Marketplace on integrated health care” jardunaldian aurkeztu ondoren.

Jardunbide egoki horietako bat Euskadik aurkeztutakoa da: “Euskal osasun-estrategia zahartzearen eta kronikotasunaren arloan: arreta integratua”. Estrategia horrek azken urteotan ezarri diren estrategiak edo jarduketa bereziak jaso ditu, besteak beste:  arreta integratua, erakunde sanitario integratuen (ESI) sorrera barne; arretaren biztanleria-oinarriaren ikuspegia prebentziozko esku-hartzeen bidez, baina baita arriskuen estratifikazioa eta gure herritarren beharretan oinarritzen diren arreta-planak ere; arretaren jarraipena, eta pazientearen ahalduntzea eta autokudeaketa. Euskadiko eSalud estrategiak, gainera, hainbat eta hainbat tresna eta plataforma digital jaso ditu, besteak beste: historia kliniko elektroniko bateratua, E-rezeta, osasun-karpetak, paziente jakin batzuetarako telemedikuntza, Osasun Kontseilua, Osasun Eskola edo herritarrentzako erabilgarri dauden aplikazioak.

Euskadirenarekin batera, honako jardunbide egoki hauek ere transferituko dira: Kataluniarena, “Paziente kronikoentzako IKTen laguntza duten arreta integratuko zerbitzuei buruzko berrikuntza irekiko Kataluniako zentroa”; Alemaniarena, “OptiMedis eredua - biztanlerian oinarritzen den arreta integratua”, eta Danimarkarena, “Osasun-arreta integratuaren sektorea izateko ibilbide-orri digitala”, Danimarkako Hegoaldeko Eskualdearena.

Lau jardunbide horien transferentziaren bitartez, JADECAREk proposatzen du osasun-agintaritzen gaitasuna sendotzea, osasun-sistemaren eraldaketarako alderdi garrantzitsu guztiei arrakastaz heltzeko, digitalki gaituta, integratuta eta pertsonan zentratua dagoen arreta lortzeko.

Proiektu horretan Europako 17 herrialdetako 48 erakundek parte hartuko dute. Osasun Ministerioak Kronikgune zentroa izendatu zuen 2019an Espainia mailan Baterako Ekintza horretan erakunde onuradun eta sinatzaile bakar. Honako erakunde hauek daude Kronikgune zentroarekin kidetuta: AquAS eta IDIBAPS, Kataluniakoak; Andaluziako Juntako Osasun eta Familien Kontseilaritza (CSFJA), Gaztela eta Leongo Osasuneko Eskualdeko Gerentzia (SACYL), Kantabriako Osasun Zerbitzua (SCS) eta Murtziako Osasun Zerbitzua.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan