Azpeitiako Udalak eta Sprilur-ek akordio bat lortu dute Larrin industrialdearen garapen urbanistiko osoa egiteko

2020-11-05
  • Indarrean dagoen Antolamendu Plan Partziala aplikatuko da Larrin industrialdean, partzela industrial handiagoak garatzeko eta enpresa ertain-handietarako espazioak sortzeko 
  • Idazketa, tramitazioa, kudeaketa urbanistikoa eta lizitazioa azkartu egingo dira eraikuntza-lanak lauzpabost urte barru has daitezen

Azpeitiko Udalak eta Sprilur-ek (lurzoru industriala eta enpresa-guneak kudeatu eta sustatzea helburu duen eta SPRI Taldeari eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoen sozietate publikoak) hitzarmen berri bat sinatu dute Larrin industrialdearen garapen osoan aurrera egiteko eta prozesua azkartzeko. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak (Sprilur-en izenean) eta Azpeitiko alkate Nagore Alkortak sinatu dute lankidetza akordio hori, eta biek nabarmendu dute biziki interesgarria dela herriko enpresen eta ekonomiaren etorkizunerako. 

Bi erakundeek egunean jarri nahi dituzte 2005ean hitzartutako akordioaren (AIU 32 Larrin) oinarriak, indarreko HAPO-Hiri Antolamenduko Plan Orokorra Azpeitiko AU22 Larrin ingurunean aplikatzeko.

Azkenaldiko atzeraldi ekonomikoen ondorioek eta industria-sarearen narriadura orokorrak gogoeta bat bultzatu zuten industrialdeen egungo ereduaren inguruan. Duela hainbat hamarkada eraikitako pabilioiek ez dituzte asetzen egungo industriaren premiak.

Zentzu horretan, Azpeitiko Udalak eta Sprilur-ek erabaki zuten Larrin industrialdeko azalerak eta lurrak egokitzea, inguruko ekonomiari lagunduko dion enpresen sustapenerako industrialde bat proiektatzeko. Horretarako, industria berriaren premiei eta balizko eskaerei erantzungo dieten alternatiba desberdinak aztertu dira.

Akordio horren barruan, Azpeitiko Udalak Sprilur-i eskatu dio atondu ditzala Larrin inguruko lursail industrialak garapen enpresarial bat egiteko bertan. Bestalde, Sprilur-ek azpiegitura industrialen kudeaketan eta sustapenean duen esperientzia eskainiko du Azpeitian sustapen berri bat proiektatzeko. Horretarako, alderdi biek lehentasuna emango diete egin beharreko azterketa eta lanei, eta konpromisoa hartu dute ahalik eta azkarren egiteko industrialdearen urbanizazio-lanetarako aurreikusi diren tramiteak.

Errepideen aldaketak eta azaleren tipologia

Badira bi alderdi aipagarri aurreko hitzarmena aldatzen dutenak eta eragina dutenak Larrin industrialdearen garapenean: batetik, bertan behera geldituko da GI-631 errepidearen Azpeitiko saihesbidea gauzatzeko Plan Orokorra, jarduera ekonomikoetarako finkatutako azaleren galera suposatzen zuelako. Eta, bestetik, eta ez garrantzi gutxiagokoa, egingo diren azaleren tipologia ere aldatu egin da eskaera industrialera egokitzeko; hala, partzela handiak sortuko dira, aukera emango dutenak tamaina handiko enpresa eta ekimenak instalatzeko.

Hala Sprilur-ek nola Azpeitiko Udalak konpromisoa hartu dute proiektua ahalik eta lasterren idazteko eta tramite administratiboak ahalik eta azkarren egiteko. Sprilur-ek berak idatzi eta tramitatutako du plangintza eta kudeaketa urbanistikoko dokumentazio guztia, Udalak onarpen publikoa eman diezaion. Udalak, berriz, Ekintza Programa eta Urbanizazio Proiektuaren tramiteak eta behin betiko onarpena erraztuko ditu, urbanizazio-lanak gutxi gorabehera lauzpabost urteko epean has daitezen.

Larrin industrialdearen ekintza-esparrua 210.210 m²koa da, eta hasierako bideragarritasun-azterketak dio balitekeela lau partzela handiko urbanizazio-proiektu bat egitea, 15.072 m² eta 49.800 m² bitarteko azalerak dituzten partzelekin. Hau da, guztira 107.409 m² partzela industrial egingo lirateke. Beheko solairuko gehienezko okupazio-azalera 64.445 m²koa izango litzateke, eta solairuartean  %25eko aprobetxamendua lortuko litzateke, hots, 16.111 m² gehiago.

Tokiko ekonomiarekin eta lurralde mailako ikuspegiarekin lerrokatutako helburuak lortzeko lankidetzaren eta konpromiso publikoaren adibide dugu Larrin. Gainera, prozedura hori onuragarria da Euskadiko industria berriaren benetako premiak asetzera bideratutako enpresa-guneak zabaltzeko, garatzeko eta modernizatzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea