Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Undak Tubacexek Austrian ezarritako planta berria inauguratu du, ia 40 milioi euroko inbertsioa izan duena

2011.eko ekainak 09

Euskal taldea, balio handiko produktuen espezializazioa indartzen duena, lehen eskaria fabrikatzen ari da dagoeneko, Ipar Itsasoan petrolioa erauzteko proiektu baterako.

Horrenbestez, Industriako sailburuak Alemanian egindako bisitaldi instituzionala amaitu du, eta "oso balantze positiboa" egin du horren inguruan.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak parte hartu du gaur Tubacex euskal taldeak SBER Schoeller Bleckmann Edelstahlrohr GmbH bere filialaren egoitzan ezarri duen planta berriaren inaugurazioan, Austriako Ternitz herrian.

Zentro berria unbilikaletarako hodiak (offshore) -presioko, tenperaturako eta korrosioko kondizio kritikoetan petrolioa eta gasa ustiatu eta ateratzeko jardueretarako produktuak- fabrikatzeaz arduratuko da.

Tubacex taldeak ia 40 milioi euroko inbertsioa egin du proiektu horretarako. Austria Behereko -faktoria Estatu federatu horretan dago- gobernadoreorde Josef Leitner jaunak, Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Berrikuntzako idazkari nagusi Juan Tomás Hernani jaunak, Espainiako enbaxadorea Austrian, Yago Pico de Coaña, SBER filialeko zuzendari Erich Hertner jaunak eta Arabako taldeko lehendakari Álvaro Videgain jaunak ere esku hartu dute ekitaldi horretan.

Gainera, Austria Behereko eta Euskadiko Gobernuetako zenbait goi-ordezkari, Tubacexeko zenbait kontseilari eta Taldeko zenbait zuzendari bertaratu dira, baita unbilikalen munduko fabrikatzaileen zenbait ordezkari ere, instalazioan fabrikatzen diren produktuen bezeroak direnak.

2008an eraikitzen hasi zen planta berria munduko teknologia-erreferentzia da horrelako instalazioetan, eta dagoeneko lehen eskaria fabrikatzen ari da, Ipar Itsasoko petrolio-eremu bat zabaltzera bideratuko dena, petrolio eta gasaren sektorean munduko liderra den konpainia baten eskaerari jarraiki.

50 milioitik gorako inbertsioa

Guztira, euskal enpresak 50 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du Austriako faktoriarako proiektu horietan. 2007tik 2010era bitarte, Taldearen fabriketan egindako inbertsioa, Plan Estrategikoari loturik bereziki, 113,37 milioi euro izan da, ia 30 milioi euro ekitaldi bakoitzeko.

SBER Schoeller Bleckmann Edelstahlrohr GmbH konpainiak ibilbide luzea egin du industriaren munduan, 1840. urtean sortu baitzen. 1999an Taldearekin bat egin zuen, Tubacexek akzioen % 100 erosi ondoren. 2010. urtean, SBER enpresak 109,57 milioi euroko salmentak egin zituen, 2009an baino % 14,2 gehiago, urte horretan 95,95 milioi euro saldu baitzituen.

Tubacex industria talde bat da, 1963an sortua eta altzairu herdoilgaitzezko soldatu gabeko hodiak fabrikatzen jarduten duena. Laudion du egoitza soziala, eta Laudion, Amurrion eta Artziniegan (Arabako probintzian), Ternitzen (Austria) eta Greenvillen (Pennsylvania, Estatu Batuak) ezarrita dauzka industria-instalazioak.

2010ean Tubacexek 361,78 milioi euroko salmentak egin zituen. 2011ko lehen hiruhilekoan, Taldearen salmentak 119,56 milioi euro izan dira, 2010eko aldi bereko zenbatekoa % 64,9an gaindituz. Urtarriletik martxora bitarte, Tubacexen etekin garbia 2,80 milioi euro izan da.

Gaurko ekitaldian, sailburuak nabarmendu nahi izan du Tubacexek nazioartekotzearen alorrean egindako lana, eta, horren haritik, enpresa "ezkutuko txapelduna" dela adierazi du. "Gure enpresa handietako bat da", erantsi du, "nitxoko multinazional bat, bere sektorean munduko burua dena. Nitxoko txapeldun bat".

Undak multilokalizazioaren aldeko apustua babestu du, honako arrazoibide hau emanez: "Kanpora ateratzen diren proiektuek, eta Tubacexena horietako bat da, aberastasuna sorrarazten dute ezartzen diren tokian, Austrian kasu honetan, eta aldi berean enplegua eta ongizatea bermatzen dute etxean". "Ez da sektore heldu edo sortuberrien kontua, enpresa on edo txarren kontua baizik", azpimarratu du sailburuak. "Mundura zabaldutako ekonomia baten alde egin dugu Euskadin. Bazkide fidagarriak bilatzearen eta bazkide fidagarri bat izatearen alde alegia".

"Oso balantze positiboa"

Sailburuak gaur amaitu du Alemanian eta Austrian egindako bisitaldi instituzionala, xede nagusitzat euskal enpresei, eta bereziki automozio-sektoreko enpresei, babesa ematea izan duena. Bernabé Undaren ustetan, bisitaldiaren balantzea "oso positiboa" izan da.

Euskal enpresek herrialde horietan dituzten interesak sendotzeko helburua bete egin da. Sailburuak euskal industria-sarearen lehiakortasuna aldarrikatu du, zenbait enpresa handiren (BMW edo Mercedes) eta garrantzizko zenbait erakunderen aurrean, hala nola Bavariako Gobernua, Fraunhofer zentro teknologikoa edo Municheko Merkataritza Ganbara.

Gainera, erakunde horiei proposatu die bekadunak elkartrukatzeko akordioak ezartzeko, batetik, euskal gazteek prestakuntza are beteagoa jasotzeko aukera izan dezaten, eta, bestetik, Euskadik Europako beste herrialde batzuetako talentuak erakartzeko aukera izan dezan.

Baden (Austria), 2011ko ekainaren 9a.

 

Iruzkin bat
  • @IDELabs
    2011.eko ekainak 09

    Comentario de Twitter:
    Bernab é Unda inaugura la nueva planta de Tubacex en Austria, que ha supuesto una inversi ón de casi 40 millones de euro http://t.co/vHYbcHi

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)