Lehendakariak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria irabazi duten Mikel Mancisidorren, Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaizaren lana aitortu du
Iñigo Urkullu lehendakaria, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek lagunduta, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Sariak banatzeko ekitaldiaren buruan izan da.
Sariak 25 urte betetzen dituen edizio berri honetan Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Mikel Mancisidorrek eskuratu du. Gazteei zuzendutako deialdian, Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaizaren “Aberriaren poeta kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat” proiektuak eskuratu du Eusko Ikaskuntza- Laboral Kutxa Gazte Saria.
Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako curriculumik bikainenaren sariak merezitako aintzatespena ematen die sarituei, eta Lehendakariak lan hori eskertu nahi izan du. Hala, Mikel Mancisidorrek mundu akademikoari, ekimen sozialari eta nazioarteko esparru politiko-instituzionalari egindako ekarpena nabarmendu du, baita ekarpen horiek giza eskubideen defentsan eta babesean izan duten isla praktikoa.
Mikel Mancisidorren ibilbide profesionalean nabarmentzekoa da Nazio Batuen Erakundean Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen garapenean eragile garrantzitsuenetako euskalduna dela, René Cassinez geroztik. Bere ekarpenik esanguratsuenen artea, alde batetik, Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2010ean Uraren Eskubidea bizitzaz gozatzeko ezinbesteko Giza Eskubide gisa aitortzeko egin zuen lan erabakigarria; eta, beste alde batetik, NBEko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Komiteko kide gisa Zientzia eta Giza Eskubideei buruzko Iruzkin Orokorraren onarpenanean izandako partaidetza. Horrela borobildu ditu Zientziaren Eskubidearen alorrean lanean aritutako bost urte, gaur egun, UNESCO bezalako nazioarteko erakundeek eta herrialde talde garrantzitsu batek onartuta duena.
Mikel Mancisidor mundu globalean Giza Eskubideen garapenerako erreferente nabarmena da. Gainera, esfortzu hau guztia Amerika, Europa eta Euskal Herriko unibertsitateetan izandako jarduerarekin bateratu du, gizarteratze eta dibulgazio lanekin, bai eta mundu guztian zehar egindako lankidetza, laguntza humanitario eta giza eskubideen defentsarekin ere.
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren bigarren edizioan, Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaizak osatutako taldeak eskuratu du Gazte Saria “Aberriaren poeta kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat” lanarengatik. Lanaren izenburuak berak dioen bezala, poeta eta kantariaren obraren berrirakurketa bat egin nahi da, publiko berrietara heltzeko xedez. Lehendakariak Alexander eta Joanak egindako lan sakona nabarmendu du, “bere artxiboa aztertzen eta bere ekarpena gaurkotzen, ikertu eta sortu egin duzue, belaunaldi berriei Xabier Lete ezagutzeko aukera berri bat eskainiz”.
Alexander Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaiza gipuzkoarrak dira eta 31 urte dituzte biek. Gurrutxaga euskal literaturan doktorea da eta, hain zuzen, Xabier Leteren poetikaren inguruan landu zuen doktore tesia. Otxoa de Alaiza Pianoan lizentziatuta dago eta musikaren alorra sakonki landu azken urteotan.