Berriak Hezkuntza

Zientzia Euskadin 2020 Txostena: ekoizpen zientifikoak 6.600 argitalpeneko muga gainditu du

2020-11-04
  • Euskadiko ikertzaileen lana 6.657 argitalpen zientifikora iritsi zen 2019an, azken urtean % 6,3 hazi delarik. Azken bost urteetan hazkunde handiena.
  • Euskadik bere ikerketa bultzatzeko 690 milioi euro lortu ditu Europatik 2014 eta 2019 urteen artean.
  • Euskadiko 100 langiletik 2 ikerketa eta garapeneko I+G lanean dihardute. Lehenengo aldiz, 20.000 pertsona baino gehiago dira ikerketa edo garapen jardueretan.
  • Euskadi ikerketa eta garapeneko I+G jardueretan gehien inbertitzen duen erkidegoa da BPG kontuan izanik, %2 inguruko inbertsioa eginez.

Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak aurkeztu ditu gaur goizean, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea eta Fernando Cossío Ikerbasqueko Zuzendari Zientifikoa aldean zituela, Zientzia Euskadin 2020 Txostenaren emaitzak. Txostenak ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagozkien Euskadiko emaitza nagusiak bildu ditu, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako adierazleen bitartez.

Euskadiko ekoizpen zientifikoa %6,3 handitu da azken urtean, urteko 6.657 argitalpen zientifiko kopururaino. Honek suposatzen du hazkunde handiena azken bost urteetan. Euskadiren pisu erlatiboa etengabe hazi da azken hamar urteotan, eta 2019an, Estatuko ekoizpen zientifikoaren % 6,6 izan da. Euskadik bere ekoizpen zientifikoa bikoiztu egin du azken hamarkadan.

Era berean, dexente areagotu da argitalpenen kalitatea, eta hau bi alderdi hauetan islatu da: Ospe handienekotzat jotzen diren lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako ekoizpen zientifikoaren portzentajea etengabe hazi da Euskadin azken hamarkada honetan. Egun, lehen kuartileko aldizkariei dagokien ekoizpen zientifikoa %59 ingurukoa da. Bestalde, Euskadin, ikerketen emaitzak argitaratzerakoan, ikertzaileek lankidetzan dihardute munduko eragile zientifiko nagusiekin: Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia. Euskadiko ekoizpen zientifikoaren nazioartekotzea ia % 20 hazi da azken hamarkadan. Nazioarteko lankidetzaz landutako euskal argitalpenek 2008 urtean % 35a zen eta 2019 urtean % 54raino igo dira. Nazioarteko lankidetza hauetan, Euskadiko ikertzaileek nagusitasunezko posizioa dute, eta kasu askotan, argitalpenen egile nagusiak dira.

2018ko INEren datuen arabera, Euskadi da BPGren portzentaje gisa I+G jardueretan gehien inbertitzen duen Estatuko autonomia erkidegoa, % 2tik gertu. Eustatek argitaratutako 2018ko Euskadiko I+G inbertsio datuek % 4ko hazkundea adierazten dute aurreko urtearen aldean, 1.423 milioi eurora iritsi arte, inoizko daturik altuena.

Euskadi autonomia-erkidego aitzindaria da Horizon 2020 programa europarretik lortutako biztanleko itzulkinari dagokionez. Euskadik 2014-2019 epealdian 690 milioi euro erakarri ditu H2020 ikerketa proiektuetan. Horizon 2020 Programa giltzarrizko tresna bilakatu da Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntza arloko jardueretarako. Euskadiko erakundeek europako proiektuetan gero eta lidergo handiago dute, koordinatutako proiektuen protzentajea %10 baino gehiago hazi baita azken 5 urteotan.

Programa honen barruan, berariaz aipatzeko modukoak dira ERC laguntzak, ikerketa ezagutzaren mugan jarraitu nahi duten edozein nazionalitatetako eta edozein adinetako ikertzaileei laguntzea xede dutenak. Egun, nazioartean aldarrikatutako bikaintasunaren adierazle bihurtu dira, horietara atxikitako proposamen kopuru handiari nahiz ebaluazio-prozesu zorrotzari erreparatuta. Euskadin, 34 ERC proiektu garatu dira guztira, eta horietatik 17 ERC indarrean daude orain, inoiz izandako kopururi altuena.

Sektorekako ekoizpenari dagokionez, Euskadiko zientzia-ekoizpen osoaren % 65 euskal unibertsitateei dagokie - UPV/EHU buru, 2019. Urtean indexatutako 3.600 argitalpen baino gehiago dituela-, eta jarraian kokatuta daude osasun sektorea eta zentro teknologikoak. Azken urteotan, euskal zientzia-sisteman gero eta garrantzi handiagoa duten eragile berriak agertu dira (BERC eta CIC-IKZ zentroak). Gainera, unibertsitatearen sektorea, BERC, CIC-IKZ, osasun eta teknologiaren arteko lankidetza handitzen da urtez urte.

Azken hamarkadan, Euskadin gehien ikertzen duten arlo tematiko nagusiak mantendu dira; Medikuntza, Ingeniaritza, Fisika eta Astronomia, Materialen Zientzia, Kimika, Biokimika eta Genetika. Gainera, azken 10 urteetan, Gizarte Zientzietan eta Giza Zientzietan produktibitateak hazkunde nabarmena izan du.

Ikerketa komunitatea

2018 urtean Euskadin, ikerketa lanetara dedikatzen diren pertsonen kopurua 20.250 koa da. Lanaldi osoko ikerketen baliokidetasunean EDPn, 13.000 baino gehiago egongo lirateke, eta horrek ikertzaileen goranzko joera finkatzen du. Datu horiek adierazten dute Euskadiko biztanleria aktiboaren % 1,84 I+G jarduerara dedikatzen direla, hau da, Euskadiko 100 langileetatik ia 2 pertsona ikertzera dedikatzen dira.

380 pertsona baino gehiago defendatu zituzten doktorego-tesiak Euskadiko hiru unibertsitateetan 2018 urtean. Doktore-tesiak defendatzen dituzten gizonen eta emakumezkoen kopurua antzekoa bada ere, ikerketa-lana sendotzen duten emakumeen kopurua txikiagoa da. Emakumeen DOBak %35 baino ez da iristen.

Ikerboost, Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokia

Ikerbasqueko Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak, EAEn, Estatuan eta nazioartean kontrastatutako informazio-iturrien araberako adierazleak bildu ditu, euskal komunitate zientifikoa karakterizatu eta beste herrialdeetakoekin kualitatiboki nahiz kuantitatiboki konparatzeko aukera errazteko asmoz. “Zientzialariek aldizkari espezializatuetan argitaratzen dituzte ikerketetako emaitzak, beste ikertzaileekin batera partekatzeko; Ikerbasqueko Behatokiak argitalpen horiek guztiak monitorizatzen ditu, ale-kopurua, nazioarteko eragina eta gaien araberako espezializazioa bezalako alderdiak aztertuz”, Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren esanetan.

Ikerbasqueri buruz

Eusko Jaurlaritzak Ikerbasque Euskadiko Zientzia Fundazioa bultzatu zuen 2007an Euskadin ikerketa zientifikoa garatzen laguntzeko, ikerketa arloko talentuak erakarriz eta atxikiz. Hauek dira Ikerbasqueren helburu nagusiak: Euskal Zientzia Sistema sendotzea, sistematik kanpo erakarritako zientzialariak erakarriz, eta Euskadiren irudia bultzatzea ikerketaren arloko nazioarteko erreferentziatzat.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa