Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.190 isun jarri dituzte asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik
Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroak 2
Asteburu honetan Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.190 isun jarri dituzte koronabirusaren pandemiari aurre egiteko emandako osasun-arauak ez betetzeagatik. Isunen erdiak, zehazki 495, lehendakariaren dekretuan ordutegietan eta lurraldean ezarritako murrizketak ez betetzeagatik jarri dituzte.
Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburu honetan areagotu egin dituzte kontrolak norbera bizi den herritik eta autonomia-erkidegotik justifikatu gabeko arrazoiengatik irtetea eragozteko eta gainerako osasun-neurriak betetzen diren zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 495 isun jarri dituzte hiru egun horietan, mugikortasunean ezarritako muga berriak urratzeagatik edo gehienez sei pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik. Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 370 isun jarri dituzte. Horiei gehitu behar zaizkie garraio publikoan edo pribatuan maskara ez janzteagatik jarri dituzten beste 18 isun. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 111 isun jarri baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak kalean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta beste batzuk dira.
Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 171 isun Araban, 706 Bizkaian eta 313 Gipuzkoan.
Istilu negazionisten balantzea
Bestalde, Ertzaintzak 15 pertsona atxilotu edo ikertu ditu eta beste 35 identifikatu ditu desordena publikoengatik joan den astean izandako elkarretaratze negazionistetan izandako istiluetan.
Lehenengo istiluak joan den ostegunean, urriaren 29an, sortu ziren Bilbon. Gaueko bederatzi eta erdietan, hainbat pertsona elkartu ziren Bizkaiko hiriburuko Indautxu plazan. Elkarretaratzea jakinarazi gabe zegoen, eta bertan elkartu ziren gehienak COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko osasun-neurri berrien aurka dauden gazteak ziren. Istiluetan parte hartu zutenek plazan eta inguruko kaleetan zeuden 25 edukiontzi gurutzatu zituzten, eta ondoren su eman zieten, eta inguruan aparkatuta zeuden lau ibilgailuri kalteak eragin zizkien suak. Bertara hurbildu ziren ertzainek sei pertsona arrastatu zituzten desordena publikoengatik, eta beste bi ikerketapean geratu ziren istiluetan ustez parte hartzeagatik. Atxilotuak handik ordu batzuetara eraman zituzten agintari judizialaren aurrera, eta aske utzi zituzten agintari judizialak deitutakoan epaitegira agertzeko baldintzapean.
Larunbat arratsaldean antzeko liskarrak sortu ziren Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan. Arabako hiriburuan egin zen elkarretaratzea eta ondoren erdiguneko kaleetan zehar egin zen manifestazioa ere ez zituzten jakinarazi, eta hainbat iskanbila sortu zituzten. Manifestariak Legebiltzarreraino iritsi ziren, eta bertan sakabanatu zituzten Ertzaintzako Brigada Mugikorreko agenteek. Istiluetan pintura bota zuten Hezkuntza Ordezkaritzaren eta Ogasun Ordezkaritzaren eraikinetako fatxadara, eta kalteak eragin zituzten. Polizia-jarduketa horretan bederatzi pertsona identifikatu zituzten istiluetan ustez inplikatuta egoteagatik.
Gaueko hamaikak eta laurdenean, ehun bat pertsona elkartu ziren jakinarazi gabeko beste manifestazio batean Gasteizko Alde Zaharreko kaleetan. Manifestariek edukiontziak gurutzatu eta erre zituzten, harriak eta botilak bota zituzten saltoki, portale eta etxebizitzetako leihoen kontra, eta kalteak egin zituzten markesinetan eta hiri-altzarietan. Manifestariek harriak, botilak eta bengalak bota zizkieten istiluak gertatzen ari ziren lekura hurbildu ziren ertzainei ere.
Bilbon gaueko bederatzietan elkartu zen negazionista talde bat berriz ere Indautxu plazan, sare sozialen bidez egindako deiari erantzunez. Bertaratuek hainbat edukiontzi irauli zituzten, eta ondoren su eman zieten, plazan eta inguruko kaleetan. Istilu horietan Ertzaintzako baliabideek lau pertsona atxilotu zituzten eta beste 26 identifikatu zituzten liskarretan ustez parte hartzeagatik. Arrastatuetako bi aske utzi zituzten hurrengo eguneko goizaldean zegozkion eginbideak bete ondoren, eta beste bi agintari judizialaren esku jarri zituzten hurrengo goizean, azaroaren 1ean.
Gau horretan bertan istiluak sortu ziren Gipuzkoako Arrasate herrian ere. Kasu horretan, baimenik gabe elkartu ziren hainbat pertsonak edukiontziak gurutzatu eta erre zituzten hainbat kaletan, eta kalteak egin zituzten banketxe baten bulegoan. Arrasaten hiru pertsona atxilotu zituzten desordena publikoengatik, eta biharamunean eraman zituzten agintari judizialaren aurrera.