Berriak Lehendakaritza

Gobernu Kontseiluak Berpiztu programa onartu du

2020-11-03

Ekonomia eta enplegua suspertzeko programa honen oinarriak Lehendakariak aurkeztu zituen irailaren 29ko Gobernu Kontseiluaren ondoren emandako prentsaurrekoan.

Urrian zehar, oinarri horiek Elkarrizketa Sozialeko Mahaiarekin eta Mahai sozioekonomikoko eragile ekonomiko eta sozialekin aztertu zituzten.

Egindako ekarpenak gaur onartu den behin betiko programan jaso dituzte. Aurrerago, programa hori Legebiltzarrean aurkeztuko dute.

BERPIZTU Programa osasun-pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko euskal erakundeek emandako erantzuna da. Erantzun propio bat da, hau da, abiapuntuaren oinarrian aurrekontu-baliabide propioak aurreikusten ditu, Europatik jaso daitezkeen funtsak kontuan hartu gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoa eraldatzeko datozen lau urteei begira egindako apustua da. Euskal Autonomia Erkidego berdeagoa, digitalagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko, Europaren estrategiarekin bat etorriz.

Programa gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzak 13.250 milioi euroko ahalegin publikoa egitea aurreikusten du, aurrekontu-baliabideen eta abal publikoen artean banatuta. Helburua da galdutako enplegu guztia berreskuratzea eta langabezia-tasa berriro % 10en azpitik ipintzea. Xede horrekin, BERPIZTU Programak 130.000 enplegu dinamizatzeko asmoa du.

BERPIZTU bi ardatz bertikaletan egituratzen da: I. ardatza: Ekonomia suspertzea. II. ardatza: Enplegua dinamizatzea. Gainera, zeharkako hirugarren ardatz bat erantsi dute: Enpleguaren kalitatea eta Genero-berdintasuna.

Ardatz bertikal bakoitza 12 Politika Traktoretan banatua dago. Politika horiek, era berean, 60 jarduketa-ildotan garatzen dira.

BERPIZTU Programak Lehendakaria buru izango duen Zuzendaritza Kontseilu bat edukiko du. Kontseilu horretan bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak hartuko dute parte. Gainera, bertan hiru diputatu nagusiak eta Eudeleko lehendakaria ere egongo dira.

BERPIZTU programa irekia eta malgua da. Aldian-aldian, programaren bilakaera eta bertako helburuak zein neurritan lotu diren aztertuko dituzte, programa prestatzeko prozesuan parte hartu duten eragile ekonomiko eta sozialekin, eta Elkarrizketa Sozialeko Mahaiarekin batera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko