Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
qrcode

“Euskadi Turismo Bonua” programak atxikitzeko epea eta indarraldia luzatu ditu (Gobernu Bilera 2020-11-3)

2020-11-03

Gobernu Kontseiluak onartu egin du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadoren Agindua; haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-, jatetxe- eta ostalaritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa suspertzeko "Euskadi Turismo Bonua" dirulaguntza-programaren atxikipen-epeak eta indarraldia luzatzen dira.

Horrela, beraz, establezimenduak eta enpresak dirulaguntza-programari atxikitzeko epea datorren azaroaren 30era arte luzatuko da, eta bonuen indarraldia, berriz, 2021eko maiatzaren 31ra arte.

 “Euskadi Turismo Bonua” turismoari eta ostalaritzari lotutako Euskadiko mikroenpresei, enpresa txikiei eta ertainei zuzenduta dago. Haien artean, honako hauek aipa daitezke: ostatu-establezimenduak; turismo-gidariak; turismo-zerbitzuen bitartekaritza eta antolaketako turismo-enpresak; jatetxe-arloko eta ostalaritzako establezimenduak, naturako kirol-jarduerei lotutako enpresak (hala nola turismo aktiboari eta abenturakoari lotutakoak); garraio turistikoko enpresak; kultura-ondarea, gastronomia-ondarea eta ondare naturala zabaltzen duten enpresak; eta jolas-zentroak.

 “Euskadi Turismo Bonua” programaren barruan ostalaritzako, jatetxe-arloko eta turismo-intereseko jardueren arloko establezimendu eta enpresei zuzenduta dauden bi modalitateek 5 edo 10 euroko deskontuak eskaintzen dituzte gutxienez 20 edo 40 euroko erosketetan, hurrenez hurren. Turismo-ostatuen kasuan, berriz, 20 euroko deskontua eskainiko da 60 eurotik gorako erosketetan, eta gehienez 2 bonu eskuratu ahal izango dira establezimendu bakoitzean; beraz, pertsona bakoitzak 40 euroko deskontua baliatu ahal izango du gehienez.

Joan den astean abian jarritako “Euskadi Turismo Bonua” zein “Euskadi Bonodenda” programak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak diseinatu eta koordinatu ditu, aldundiekin, udalekin eta EUDELekin lankidetzan, krisiak gehien zigortu dituen sektoreak suspertzeko, familietan kontsumoa aktibatzen laguntzeko eta horrek tokiko eta eskualdeko esparruan duen eragina sustatzeko helburuarekin.

 “Euskadi Turismo Bonua” kanpainaren kasuan, eta mugikortasun-murrizketek jarduera oso neurri handian baldintzatzen dutenez gero, erakundeek eta sektoreak berak erabaki dute ekimenarekin aurrera jarraitzea, baina atxikitzeko epeak eta indarraldia luzatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko