2020rako zorpetze-eragiketak, gehienez ere 1.374 milioi euroko zenbatekoa izango dutenak, egiteko baimena (Gobernu Bilera 2020-11-3)

2020-11-03

Gobernu Kontseiluak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea erabaki du, eta gehienez ere mila hirurehun eta hirurogeita hamalau milioi bostehun eta laurogeita hamazazpi mila eta bat (1.374.597.001) euroko zenbatekoa izango duten mailegu-eragiketak ituntzea baimendu du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duen Legearen artikulu bakarrari jarraikiz.

Aurtengo otsailean, 2020rako 886 milioi euroko zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimendu zen, baina COVID-19aren pandemiak eragindako krisi sanitario eta ekonomikoaren ondorioz, zerbitzuei lotutako gastuak handiagoak izan dira eta tributu itunduen bidezko diru-bilketa, berriz, txikiagoa. Hori dela eta, ekitaldi honetarako aurrekontuaren diru-sarrerei egindako ekarpenak txikiagoak izango dira. Bestalde, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldirako aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak berrikustea.

Bi zirkunstantzia horiek, ekarpenen bidezko diru-sarrera txikiagoen aurreikuspena eta Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean adostutako defizit-marjinaren zabalkuntza kontuan hartuta, komeni da epe luzera zorpetzeko aukera zentzuzko zenbateko batean zabaltzea, gastu handiagoen eta diru-sarrera txikiagoen ondorioak arintzen laguntzeko eta euskal ekonomiaren suspertzea eta dinamizazioa bultzatzeko; nolanahi ere, eutsi egingo zaio 2020ko ekitaldirako hasiera batean onartutako diru-sarreren eta gastuen arteko aurrekontu-orekari.

Zorpetze-eragiketek honako ezaugarri hauek izango dituzte: a) gehieneko zenbatekoa, guztira: 1.374.597.001 euro; b) interes-tasa: finkoa edo aldakorra; eta epea: 50 urte gehienez. Zor publikoaren jaulkipenen bidez edota edozein mailegu-/kreditu-eragiketaren bidez egin ahal izango dira.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, Agindu bidez, adostutako eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak finkatuko ditu, eta eragiketen finantza-baldintzak eta Dekretu honek bere aurreikuspenen barruan adierazi gabeko gainerako ezaugarriak zehaztuko ditu. Zor publikoa baloreen bidez jaulkitzen bada, Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Dekretua onartu eta argitaratu ondoren, ekitaldia osatzeko egin beharreko eragiketen negoziazioa eta instrumentazioa hasiko da.

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko