Berriak Segurtasuna

Euskalmeten Arabera, urria oso hezea izan da eta mende honetako hotzena EAEn

2020-11-02

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroak 2

• Tenperaturari dagokionez, 2020ko urria mende honetako hotzena izan da
• Urria, gainera, oso hezea izan da, Bizkaia eta Arabako leku batzuetan mende honetako hezeena.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, 2020ko urria mende honetako hotzena izan da EAEn eta hezeena Bizkaia eta Arabako zenbait lekutan.
Tenperaturari dagokionez, Euskalmetek 2000 urteaz geroztik urririk hotzena izan dela egiaztatu du, batez bestekoa baino 1 ºC baxuagoa, gutxi gorabehera (1981-2010 denbora tartearekin alderatuz). Batez besteko tenperatura 14-15 ºC-takoa izan da kostaldean eta 11 ºC-takoa Arabako Lautadan.

Urrian aldaketa handiak izan dira tenperaturan, batez bestekotik beherako egunak egon dira (izotza, lehenengoz, urriaren erdialdean bota zuen; Iturrieta -2,2 ºC hilaren 17an), baina egun beroak ere izan dira, urte sasoirako balio nahiko altuak neurtu dira (Higer 27,3 ºC hilaren 19an).

Tenperatura horiekin batera, espero baino intsolazio txikiagoa izan da, %15-30 gutxiago. Salbuespena, Arabako Errioxa izan da, eguzki-orduak batez bestekoa baino %10 gehiago izan baitira.

PREZIPITAZIO-KOPURUAK

Urrian pilatutako prezipitazio-kopuruari dagokionez, EAEko leku gehienetan oso hezea izan dela ondorioztatu du Euskalmetek. Batez bestekoa baino %50 gehiago bota du kostaldean, EAE mendebaldean eta Arabako Lautadan. Denean ez, baina, Bizkaia eta Arabako zenbait lekutan, mendebaldean bereziki, mende honetako urririk euritsuena izan da (Cerroja, Orduña, Subijana, Igorre y Abetxuko).
Euri-kopururik handienak, ohi bezala, Gipuzkoa ipar-ekialdean neurtu dira, 250 eta 290 l/m² artean (Behobia 292 l/m²). Era berean, nabarmentzekoa da Araba erdialdean jaso diren kopuru altuak, 115 eta 125 l/m² artekoak, hain zuzen ere (Salvatierra 126 l/m²).

Araba hegoaldean, aldiz, urrian botatako euri-kopurua ohikoa izan da, 30 eta 60 l/m² artean (Moreda 31 l/m²), eta salbuespen argia izan da. Urriko lehen hamabostaldia bigarrena baino euritsuagoa izan da: hilean 18 egun egin ditu euria kostaldean, 15 Araba erdialdean eta 7 besterik ez Arabako Errioxan.
Segurtasun Sailak 12 alerta eman ditu urrian, 6 egunetan; horietako 5 haizeagatik, 4 olatuengatik nabigaziorako eta beste 3 kostaldean inpaktuagatik. Barbara izeneko depresioak urriaren 20 eta 21 artean hileko haize-boladarik gogorrena utzi zituen (Oiz 172 km/h), 2009an Klaus-ek eta 2010ean Xynthi-ak utzitakoak baino zertxobait baxuagoak besterik ez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak