URA ur-emaria neurtzeko estazio berri bat eraikitzen ari da Zadorran, Langraiz Okan

2020-11-02

URAk ur-emaria neurtzeko estazio bat eraikitzeari ekin dio, Zadorra ibaia Langraiz Okatik igarotzean, ibaiaren mailaren jarraipena denbora errealean egiteko. Lanok Zadorra ibaiaren 20 metroko tarte bat egokitzean datzate: kontrol-sekzio bat sortuz, ur-laminaren maila neurtzeko eta ibaiaren emaria kalkulatzeko. Horretarako, ibaiaren ibilgu-tarte harritsu bat aprobetxatuko da eta bi ertzak harri-lubetaz estaliko dira. Ur-emaria neurtzeko estazio berriari esker, Zadorrako mailari buruzko datuak bildu ahal izango dira Langraizetik igarotzean, eta ur askoko sasoietan erabakiak hartzeko, informazio zehatzagoa bilduko da.
 
Gaur egun, Zadorrako urtegietatik behera, ur-emaria neurtzeko bi estazio daude: bata Abetxukon, Gasteiztik igarotzean, eta bestea Artzen, Ebro ibaiarekin bat egiten duen lekutik ibaian gora gertu. Langraiz Okako estazio hori 694 km²-ko isuri-arroa duen puntu batean kokatu da, eta Zadorra ibaiaren erdiko tarteko mailak eta emariak erregistratuko ditu. Komeni da azpimarratzea puntu honetan emaria 398 m³/s-koa dela 10 urteko errepikatze-denborako uraldi baterako, eta 713 m³/s-koa 500 urteko uraldi baterako.

Estazio horrek kontrol- eta komunikazio-ekipamenduak bilduko dituen etxola bat izango du, bai eta horma-tornu finko bat ere:  hau da, altzairuzko tentsio-kable bat da, bi ertzen artean eskegita, eta ibaia gainetik era perpendikularrean gurutzatuko du, ur ertain eta altuetan emari-neurketak egiteko.
 
Era berean, eskuinaldeko harri-lubetan eskala limnimetriko bat jarriko da (ur-laminaren maila bertatik bertara ezagutzeko). Gainera, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak sentsore meteorologikoekin osatuko du instalazioa, prezipitazioak, tenperatura eta haizea neurtzeko.

Estazioaren kokapena zehazteko, zenbait irizpide hartu dira kontuan. Batetik, ingurumen-erasanak gutxitzea, eta, bestetik, askotariko uraldi-emarien datu fidagarriak lortzeko aukera sortzea. Horregatik, aukeratu den ibilgu-tartea  zuzena eta ahokatua da, ia uholde-lautadarik gabea, ibai-ohe eta ezponda  egonkorrekin,  eta bertaratzeko sarbide errazarekin.

Kontrolgune berri hau Uraren Euskal Agentziak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak egiten duten estazio hidrometeorologikoen eta uren kalitatearen sarearen etengabeko hobekuntzaren lanon urrats berri bat da.

KOKAPENA

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak