Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzaren helikopteroak aurkitu du Pasaian desagertutako arrantzalearen gorpua

2020-10-31

Pasaia, 2020ko urriaren 31

Gaur arratsaldeko hiru eta erdiak aldera aurkitu du Ertzaintzaren helikopteroak, Pasaiako mugapeko kostaldetik milia erdira, gaur, larunbata, goizaldean desagertutako arrantzalearen gorpua. Hildakoa 43 urteko pasaitarra da, eta goizaldeko ordu biak aldera adiskide batekin batera Puntak izeneko lekuan, Pasaiako portuko bokalean, zegoela erori da itsasora. Dirudienez, bi arrantzaleak itsaso kolpe batek eraman ditu, baina horietako bat harkaitz bati helduta lehorreratu ahal izan da, eta, ondoren, gertatutakoaren berri eman du SOS-Deiak 112ra deituta.

Gertatutakoaren berri eman duen arrantzalearen arabera, gaur, larunbata, goizaldeko ordu biak aldera, bi arrantzaleak Puntak izeneko lekuan, Pasaiako portuko bokalean zeudela, itsaso kolpe batek uretara bota ditu, eta bera harkaitz bati helduta lehorreratu ahal izan da, baina bere adiskidea desagertu egin da.
SOS-Deiak/112 zerbitzuak gertatutakoaren berri izan duenean, Ertzaintzaren hainbat patruila eta Itsas Salbamenduko eta Itsasoko Gurutze Gorriko ontziak bidali ditu bertara. Arrantzalea bilatzeko lanak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikari batek koordinatu ditu, eta geroago Ertzaintzaren helikoptero bat eta Itsasoko Unitateko ontzi bat ere hurbildu dira, bai eta Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko ataleko eta urpekarien ataleko bi talde, suhiltzaileak eta Pasaiako Babes Zibileko talde bat ere.
Arratsaldeko hiru eta erdiak aldera aurkitu du Ertzaintzaren helikopteroak, Pasaiako mugapeko kostaldetik milia erdira, desagertutako arrantzalearen gorpua. Gurutze Gorriaren ontziak eraman du biktima, Zaintza eta Erreskate Unitatearen ontzi batek lagunduta, Pasaiako portura, behar bezala identifikatu ahal izateko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak