Jakinarazpena

2020-10-30

2019ko uztailean, giza eskubideen egoerari behatzeko misioarekin Kolonbiara bidaiatu ginen zenbait euskal ordezkari, eta, bertan, herrialdeko herri indigenetako ordezkari batzuekin elkartu ginen. Honako hauek izan ginen euskal ordezkaritzaren buru: Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; Paul Ortega eta Ainara Arrieta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako ordezkariak; Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Berdintasunaren Batzordeko kideak, alegia Eva Juez (Presidenta), Leixuri Arrizabalaga (EAJ), Oihana Etxebarrieta (EH Bildu), Iñigo Martínez (Elkarrekin Podemos-EB), Carmelo Barrio (PP) eta Eduardo Mancisidor (letratua); Patricia Bárcena eta Leire Lasa CEAR-Euskadi elkarteko arduradunak; Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programako koordinatzaileak eta Josune Fernández eta Claudia Alejandra Sepúlveda Mugarik Gabe eta Emigrados sin Fronteras euskal GGKEetako ordezkariak, hurrenez hurren. Besteak beste, Feliciano Valencia senatariarekin elkartu ginen:

Gaitzetsi egiten dugu atzo, ostegunean, urriaren 29an, Feliciano Valencia senatariaren aurka egin zen atentatua, Tacueyóko sarraskia izan zeneko lehen urteurrenaren ekitaldira zihoanean; bertan erail zituzten Cristina Bautista gobernatzailea eta 4 kiwe tegna. ACINek emandako informazioaren arabera, senataria zeraman ibilgailua hiru balak jo zuten, eta ez zen lesio pertsonalik egon.

Feliciano Valenciarekiko eta Caucako eta Kolonbiarekiko elkartasuna adierazi nahi dugu gertakari horren aurrean, indarkeria-eskalada bat baitakar lurraldeetan bizitza duinerako eta giza eskubideen eta eskubide etniko eta kolektiboen defentsarako proposamenen aurka. CRICek 2020an emandako datuak honako hauek izan dira: 47 lider indigena erail dira eta 9 sarraski izan dira.

Gure kezka adierazi nahi dugu, Giza Eskubideen lidergo politikoa eta defentsa gauzatzeko bermerik ez dagoelako, bai eta Kolonbiako Gobernuaren eta FARC-EP-en artean bake-akordioak ezartzeko eta ELNrekin elkarrizketari berriro heltzeko premia larria dagoelako ere, lurraldeetan benetako bakea lortzeko.

 

Sinatzaileak:

  • Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritza)
  • Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia (Eusko Jaurlaritza)
  • Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Berdintasunaren Batzordea: Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ), EH Bildu, Elkarrekin Podemos – EB, Euskadiko Ezkerra (PSOE-PSE) eta Alderdi Popularra (PP)
  • Euskadiko GKEak: Mugarik Gabe, Emigradas sin Fronteras eta CEAR-Euskadi.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak